Diru-laguntza eskatu dio Laudioko Udalak Arabako Foru Aldundiari formazio eta enplegu plan bana sortzeko. Plan horien bidez 20 herritarrentzako trebakuntza eta enplegu postuak sortu nahi ditu tokiko erakundeak. Alde batetik, bost pertsona kontratatzea aurreikusi du udalak, sei hilabeterako. Behargin horien helburua izango da Lamuza iparraldeko mendi-hegala berreskuratzea. Ondorengo eginbehar hauek izango dituzte beharginek: zabor-kopurua murriztea, suebakiak mantentzea eta zuhaitz nagusien garapenerako oinarriak hautatzea.
15 lagun “lan integrazioan”
Bigarren planaren helburua izango da 45 urtetik gorako pertsonen “lan integrazioa” sustatzea, hainbat motatako praktiken bidez. 15 pertsonek parte hartu ahal izango dute plan horretan. Izena emateko baldintzetako bat da langabezian urtebete egon izana, eta beste hainbat faktore ere baloratuko dira. Udalak adierazi du azaroan enplegu-batzar bat egingo dutela programen gaineko xehetasunak helarazteko.