Nazioarteko Antzerki jaialdian egongo dira, takoidun zapata gorria soinean

Txabi Alvarado Bañares 2017ko urr. 19a, 11:00

Ezkerretik eskumara, Igor Arzuaga, Haizea Paris, Jabi De La Ydalga eta Mikel Ayllon. / Piszi... faktoria taldea

Lau laudioar eta bilbotar bat batu dira antzezlan labur eta berezi bat egiteko: Igor Arzuaga, Haizea Paris, Jabi De La Ydalga, Pablo Ibarluzea eta Mikel Ayllon. “Takoidun zapata gorria” da obraren izenburua. Azken entseguak egiten dabiltza egunotan, urriaren 28an estreinatuko baitute Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian.

Arratsaldeko seiak dira. Aretan gaude, La Putxera ateneoko atarian. Horrela deitzen da Igor Arzuagak bere abestien sorkuntzarako baliatzen duen espazioa, musikari aretarraren kuartel nagusia, alegia.

Gaur, baina, ez gara Arzuagarekin soilik geratu. Beste bi pertsona daude berarekin: Mikel Ayllon eta Haizea Paris. Idazlea lehena, dantzaria bigarrena; biak ala biak laudioarrak.

Handik minutu gutxira iritsi da Pablo Ibarluzea. Aktorea eta antzerki zuzendaria, Laudiokoa baita ere, Cirque Du Soleil konpainiarekin aritu izan da Europan barrena emanaldiak eskaintzen, besteak beste.

Bosgarren pertsona bat falta da:  Jabi De La Ydalga aktore bilbotarra. Baina ez da etorriko, gaixorik dagoelako. Hori dela eta, bera gabe egin beharko dute gaurko entsegua. Loratzear dago bost lagunen artean atontzen ari diren proiektua: “Takoidun zapata gorria” antzezlan laburra. Zehaztua dute obraren jaiotza-data: urriak 28, larunbata. Egun horretan taularatuko dute lehenbizikoz, non eta Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian. Bi emanaldi eskainiko dituzte Zapateneo lokalean, 19:00etan lehena eta 20:00etan bigarrena. Hurrengo hiru egunetan -29, 30, 31- ere eskainiko dituzte emanaldiak, toki eta ordu berdinetan.

“Giro iluneko antzezlana”
Nazioarteko jaialdiaren OffLokal sailean eskainiko dituzte emanaldiak. “Jaialdiak laguntza ematen du urtero Arabako antzerki taldeentzat”, azaldu du Mikel Ayllonek, “guk gidoi bat idatzi eta aurkeztu genuen. Epaimahaiak erabaki zuen gidoi hori antzezlan bihurtu eta jaialdian aurkeztu behar zela. Horretan gabiltza”.

Udan ekin zioten entseguak egiteari, eta azken ukituak ematen dabiltza orain. Dantza, musika, antzerkia eta literatura uztartzen ditu obrak, Haizea Parisen, Igor Arzuagaren, Jabi De La Ydalgaren eta Mikel Ayllonen eskutik, hurrenez hurren. Pablo Ibarluzea, aldiz, zuzendari lanetan dabil. “Estilo bereziko lana da”, azaldu du aktoreak, “argiztapenak, jantziek... oso moldaketa berezi eta interesgarria izango dute”. Ayllonek, bere aldetik, nabarmendu du “giro iluneko” lana dela, “tragedia ukituak” dituena: “Portuko taberna batean girotua dago. Detektibe bat, pianista bat eta dantzari bat dira protagonistak. Bakoitzaren gorabeheren berri jasoko du ikusleak, kontatzen dituzten gauzen bidez”.

Hasi da entsegua. Arzuagaren pianoren erritmopean ibiltzeari ekin dio Parisek, Ayllon testua irakurtzen ari den bitartean: “Gelditu eta zapatak kentzeko makurtu da. Eskumakoa kendu eta poltsan sartu du. Ezkerrekoa kendu eta eskuartean begira geratu zaio tarte batez. Ezin du gehiago...”. Saioa gelditzeko keinua egin du Ibarluzeak. “Hemen utziko dugu”, esan du, “antzezlanaren zati garrantzitsu bat azalduko baita jarraian”. Ez dute istorio guztia erakutsi nahi, ez behintzat estreinaldiaren eguna baino lehen.

Gasteiztik harago
Urriaren 28ra arte itxaron beharko dugu, beraz. Hala ere, egongo da, seguru asko, obra Gasteiztik harago ikusteko aukera ere.  “Hogei minutuko obra da, baina lan handia egin dugu”, azaldu du Ayllonek, “gure asmoa ere bada beste toki batzuetan taularatzea. Eskualdean aurkeztu ahal izatea espero dugu baita ere, gure publikoaren aurrean”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide