Hondakinen kudeaketa tasaren eta 'Hispanitatearen Egunaren' inguruko bi mozio aurkeztu ditu EH Bilduk

Erredakzioa 2017ko urr. 25a, 08:17

Hondakinen kudeaketa tasak izango duen %20ko igoera eta "Hispanitate Egunaren" inguruko mozioak datorren urriaren 30ean egingo den osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dira.

Bi mozio aurkeztuko ditu Laudioko EH Bilduk datorren urriaren 30eko osoko bilkuran.

Lehenengo mozioak Gasteizko Udalak tratamendu mekaniko biologikorako instalazioan hondakinak isurtzeko tasaren igoerari egiten dio erreferentzia. Gasteizko udal gobernuak Alderdi Popularraren laguntzaz %20 garestitu nahi du tratamendu horretan hondakin organikoak isurtzeagatik Arabako udalek ordaintzen duten tasa.

 

EH Bilduk gogorarazi du Araban sortzen diren hondakinen %28a dela bakarrik hiriburutik kanpoko herri eta koadriletan sortua. Igoera honekin, EAJk eta PPk Gasteizeko diru-kutxa, gainerako arabarren kontura bete nahi dutela uste du Laudioko EH Bilduk.

 

Koalizioaren hitzetan, Gasteizko Udal Gobernuak hondakinen tratamenduaren gestio oso txarra burutu du eta tasaren %20ko garestitze horrekin eragindako gainkostua Arabako gainerako herritarrei ordainarazi nahi zaie. Era berean, Arabako foru Aldundiaren esku hartze eza salatu du.

 

Urriak 12

Bigarrena, urriaren 12a “Herri indigenen eta kultura-aniztasunaren aldeko egun” izendatzearen aldeko mozioa da.

 

Espaniako festa nazionala, Amerikako aurkikuntzaren oroigarri gisa ospatzen dena, dozenaka milioika indigenen heriotza eragin zuen konkista odoltsuan oinarritzen dela salatu du EH Bilduk. Udal taldeak festa inposatutzat salatzen ditu urriaren 12ko ospakizunak, bai Latino-Amerikako herrietan zein Euskal Herrian bertan.

 

Horren aurrean egunaren ulerkera aldatzeko proposamena egin du. Amerikar kontinenteko herrialde askotan egin bezala (Venezuelan 'erresistentzia indigenaren eguna', Costa Rican 'kulturen eguna'...) helburua da gurean ere 'Herri indigenen eta kultura-aniztasunaren aldeko egun' bezala izendatu eta ezaugarritzea.

 

EH Bilduk Euskal Herri osoko udaletxeetan aurkeztu ditu antzeko mozioak. Esaterako, Iruñeako Udalak aurreko astean eztabaidatu eta onartu zuen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide