52 eta 53 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten Laudioko ertzain-etxeko agenteek Bilbon iragan ostegunean, Aiaraldeko etxebizitza batzuetan lapurretak egitea egotzita. Ertzaintzak adierazi duenez, “in franganti” harrapatu zituzten bi susmagarriak, Deustu auzoan. Eraikin batean sartzen eta minutu batzuk beranduago irteten ikusi zituzten.
Orduan poliziek konprobatu zuten eraikinaren barruko hainbat etxebizitzetako ateetan paperak jarri zituztela, eta orduan atxilotu zituzten bi susmagarriak. Miatu zituztenean hainbat objektu aurkitu zituzten poliziek: plastikozko ebakinak eta txartelak, guraizeak, zotzak eta etxebizitzetako eraikinetan topatutako paperen antzekoak. Hortaz gain, atxilotuetako batek beste pertsona baten izena zuen Belgikako nortasun-agiri bat eman zien, berea izango balitz bezala.
Abuztutik jarraika
Abuztuan hasi ziren Laudioko ertzain-etxeko kideak ikerketa egiten, Laudioko etxebizitza batean jazotako lapurreta baten ondorioz. Amurrion gertatutako antzeko lapurreta batzuekin erlazionatu zuten orduan gertakaria. Modu horretan zehaztu zuten lapurren profila: “jabetzaren kontrako delituen ondorioz aurrekariak dituzten pertsonak, poliziak ez detektatzeko etengabe etxebizitzaz aldatzen zirenak, logelak denbora-tarte txikietarako alokatuz”.
Urrian lokalizatu zituzten bi atxilotuak. Bilboko udaltzainek bikotea identifikatu zuten, etxebizitzetako ateak zabaltzeko plastikozko orri bat lurrera bota zutelako.
Poliziak etxebizitza bat miatu du baita, zeinetan bi susmagarriak baliatzen omen zituzten tresnetako asko topatu dituzten, “beste ebidentzia batzuekin batera”.