Omniak hiru mozio aurkeztuko ditu urriko udalbatzan. Lehenengo mozioa PSErekin batera plazaratu du. Bertan Arabako Foru Aldundiari eskatzen zaio Laudioko katastro eta Higiezinen Gaineko Zergari dagokien balioen ponentzia berrikustea.
Beste biak, Omniaren izenean aurkeztuak dira, eta Jose Arrue margolaria eta Laudioko turismo jarduera dute mintzagai.
Laudioko turismo jarduerari dagokionez, Omniak plan turistiko bat martxan jartzeko beharra aldarrikatu eta hori exigitzen dio Udal Gobernuari. Omniaren aburuz, Laudiok ez du eskaintza turistikorik eskaintzen eta hura indartzeko mekanismoak abiarazteko deia egiten du. Turismo bulegoa berriz zabaltzea edota bisitarientzako eskuorri informatiboak argitaratzea dira aurkeztu dituzten proposamenetako batzuk.
Jose Arrue margolariaren memoriari dagokionez, aldiz, Omniak bere figura landuko duen komisio baten sorrera proposatzen du. Aurten artistaren heriotzaren 40. urteurrena ospatuko da. Omniak beharrezkoa ikusten du bere bizitzako zati handi bat laudion igaro zuen margolari bizkaitarrari merezitako omenaldi bat egitea. Udal komisioaz gain, batzar ireki bat egitea ere proposatzen du alderdiak, bertan herriko eragile zein norbanakoek proposamenak egiteko aukera izan dezaten.