Larunbatean, goizeko bederatzietan abiatuko da Laudioko Nazioarteko Ziklokorssaren XXX. edizioa. Aste luzez ibili dira Laudioar Txirrindula Taldeko kideak antolakuntza lanetan. Zirkuitua prest daukate dagoeneko.
Nazioarteko kategoria izango du norgehiagokak. 2017ko Espainiako Koparen estreinako lasterketa izango da eta Europako Ziklokorss zirkuitu kontinentalaren barruan UCI C1 kategoria izango du.
Ia 600 txirrindularik eman dute izena kirol-jardueran parte hartzeko, marka guztiak hautsi dituzte aurten. Bederatzi kategoriatan lehiatuko dira txirrindulariak: Master 40, Master 50, Master 60, Master 30, kadete, junior, emakumezkoak, 23 azpikoak eta elite kategoria. Hurrenkera horretan hartuko dute parte modalitateek 9:20etatik hasita. Emakumezkoak 13:05etan aterako dira. Elite eta 23 azpiko kategoriak azkenak izango dira eta 14:00etan daukate programatua irteera. Azkenengo sari banaketa 15:00etan izango da.
Zirkuituan ere berriketa nabariak egin dituzte. Aurten iaz baino 300 metro gehiago izango ditu ibilbideak. Orotara 2.750 metro inguruko zirkuitua osatu beharko dute parte-hartzaileek. Txirrindularientzako box-a prestatuko dute Ellakuriko igerlikeuetako parking berrian. Azkenik, zirkuitua eta Okondo eta Laudio arteko errepide artean arrapala bat eraiki dute ikusle eta txirrindulariek zirkuitura heltzea errezagoa izan dezaten.