Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak, Alfonso Benegas EZAEko presidenteak eta Jose Duarte DECU enpresako arduradunak prentsaurrekoa eman dute gaur Lanbide Heziketa Ikastetxeko areto nagusian jakinarazteko herriko zinema eskaintza zabalagoa izango dela hemendik aurrera.
Izan ere, Laudio Top Zinema programa ez ezik, "Zinema Euskaraz" eta "Bidaiariak Zinemara" ere emango dituzte. Zinema Euskarazen bitartez euskaraz bikoiztutako filmak ekarriko dituzte Laudiora. Tokiko pelikulak eta europarrak emango dituzte. Iaz 8 film izan ziren eta gehienak umeentzat. Aitziber Atorrasagastik gogoratu du, hori dela medio, "Ballerina" pelikulak ikusle gehiago izan zituela euskaraz, gaztelaniaz baino.
Bidaiariak Zinemara programak, ordea, kultura kontsumoa sustatzea du helburu. Berez, estreinaldiak proiektatuko dituzte hori baliatuta. Programaren indargunea da 2 euroko deskontua ematen diola ikusleari. Hau da, estreinaldiko pelikulek derrigorrez 5 euroko prezioa badute, Laudion 3 euroren truke ikusi ahal izango dira.
Film laburrak
EZAEko presidenteak, gainera, aipatu du etorkizunean film laburrak ekartzeko aukera aztertzen ari direla, baita ikastetxeekin tailerrak egitea zinema industriari buruz.
Abenduko egitaraua
Gaur aurkeztutakoa berehala egongo da abian eta abenduko zinema eskaintza hurrengoa izango da:
Abenduaren 8an (ostirala) eta 10ean (igandea):
- 17:30 Hurrak eta lapurrak 2. Helburua: Parkea salbatzea
- 20:00 La librería
Abenduaren 17an (igandea):
- 17:30 Paddington (euskaraz)
Abenduaren 22an (ostirala):
- 18:00 Coco
Abenduaren 26an (asteartea) eta 28an (osteguna):
- 17:30 Ferdinand
- 20:00 Asesinato en el Orient Expres
Abenduaren 29an (ostirala):
- 17:30 Coco
- 20:00 Coco