Ordenantzak izan dituzte hizpide Laudioko urriko udal osoko bilkuran. Udal gobernuak proposamena aurkeztu zuen bertan. Zergak eta ordenantza fiskalak dauden moduan mantentzea planteatu zuen eta hiru berri sortzea: padel pistaren erabilerarena, autokarabanen aparkalekuarena eta auto elektrikoei hobaria eskaintzekoa.
Proposamenak, baina, ez zuen aurrera egin, EH Bildu izan baitzen alde bozkatu zuen bakarra. OMNIAk, PPk eta EAJk aurka bozkatu zuten, eztabaidarik ahalbidetu ez zela eta puntu batzuekin ados ez zeudela argudiatuta. PSE-EE abstenitu egin zen.
Udal gobernuak gainontzeko talde politikoen jarrera salatu zuen, OMNIArena bereziki: “Ados ez zeuden puntua kendu genuen, eta, hala ere, aurka bozkatu zuten”.
Sei orduko udalbatza
Sei ordu iraun zuen asteleheneko bilkurak, gaueko hamabiak arte, alegia. Hainbat gai landu zuten, baina azken bi mozioak jorratu gabe utzi zituzten, denbora faltagatik.
Gasteizeko udalak hondakinen tratamendurako plantan hondakinak isurtzeko tasei egindako igoera izan zen gai esanguratsuenetako bat. EH Bilduk aurkeztu zuen mozioa.
Bertan igoera horren aurka agertu zen udal taldea, tratamendu plantan isuritako hondakinen %75 baino gehiago Gasteizek sortutako hondakinak direla argudiatuz. EAJren hondakinen kudeaketa ere kritikatu zuten. Omnia eta PSE mozioaren alde agertu ziren.
Omniak, aldiz, aurrera atera ziren bi mozio aurkeztu zituen. Lehenengoak Jose Arrue margolariaren figura omentzeko batzordearen sorrera eskatzen zuen. Bigarrenak, aldiz, bideratutako plan baten osaketa exijitzen zion Laudioko Udalari.