Euren lehen dokumentala aurkeztu dute Kepa Sojo eta Sonia Pacios zinemagileek, Kuttuna Filmak ekoiztetxearekin. Ronda de poniente da pelikularen izena eta 18 minutuko iraupena du. Leongo Posada del Bierzo udalerrian grabatu dute. Herri berezia da Posada del Bierzo: 50eko hamarkadaren amaieran eraiki zuen gobernu frankistak, Espainiar Estatu osoan aplikatzen ari zen ureztatze-politikari jarraiki. “Herri-kolonia” bat zen, urtegi bat eraikitzean urperatutako Barcena del Río eta Posada del Río herrietako biztanleentzat eraikitakoa.
1961. urtean jai bat antolatu zuten herrian Frankori ongietorria emateko, diktadorea udalerria ofizialki inauguratzera gerturatzekoa baitzen. Harrera ekitaldi horren nondik norakoak jasotzen ditu dokumentalak, herritarren lekukotzak bilduta. Garaiko NO-DO albistegiko irudiak ere ikusi daitezke pelikulan. Bienvenido Mister Marshall filma ezagunarekiko paralelismo ugari ditu Ronda de poniente lanak, dokumentalaren egileen hitzetan. “Frankoren bisita pelikula horren tankerako zerbait izan zen. Bizilagunek lan handiak egin zituzten harrera prestatzeko, baina diktadorea ez zen ia gelditu ere egin”.
Jaialdiz jaialdi
Hasi dira dagoeneko filma mugitzen. Valladolideko Nazioarteko Zinema Astean eta Arnedoko Octubre Corto lehiaketan proiektatu zen iragan astean. Arnedokoa da Goya sarietara kalifikatzeko balio duen jaialdietako bat.