Laudioko zortzi lonja pribaturen kanpoko estetika moldatu du udalak, “merkataritza paisaia” hobetzeko. Araba kalean daude lokal horietako hiru, eta bana, aldiz, Zubiaurren, Zubiko Kurajon, Herriko Plazan, Elizalden eta Alberto Aceron. Eusko Jaurlaritzaren Hirigune programaren bidez gauzatu dute ekimena. Udaberrian hasi zuten prozesua. Merkataritza guneetan zeuden lonja pribatu hutsen erregistroa egin zuten lehenbizi. 70 lokal zenbatu zituzten guztira. Horietako 12 “egoera txarrean” zeuden, 27 “hala-moduz” eta 31, aldiz, “egoera onean”.
Deialdia bat egin zuten gero, jabeak ekimenean parte hartzera animatuz. 14 aurkeztu ziren orotara, eta horietako zortziren lokalak aukeratu dituzte, hainbat irizpide baliatuta. Iñigo Martinez Cerrillo zinegotziak adierazi du egitasmoak harrera ona izan duela, eta iragarri du hurrengo urtean egitasmoarekin jarraitzeko asmoa dutela.