Zertan zabiltza Argentinan?
Argentinan medikuntza ikaslearen abenturak eta desbenturak errutinatzat hartu egin ditut. Hori historio luzetxoa da baina, pixkat laburtuz, duela urte pare bat Iruñeko klinikako anatomia patologikoko departamentan bukatu nuen praktikak egiten. Bertan medikuntzarekin egin nuen topo.
Alor hori nire bokazioa zela deskubritu eta non eta nola ikasi ahal nuen ikertzen hasi nintzen. Kontu horretan zortea izan nuen, departamentuko kideak lanitoamerikarrak zirelako eta pixkat orientatu ninduten. Etxean komentatu nuenean kontua ongi aztertzeko esan zidaten eta horrela egin nuen. Joan baino lehen tramite guztiak egin eta gauzak erdi-lotuta utzi nituen.
Aurreinskripzioa egin nuen medikuntzarako gaur egun nagoen unibertsitatean, hilabete eman nuen sartzeko azteketa prestatzen eta ez nuen esperantza gehiegirik, egia esan.
Anekdota bezala esan dezaket udako arropa bakarrik ekarri nuela maletan eta nengoen errezidentzian hilabeterako kontratua bakarrik egin nuela. Beno, kontua da azterketa hori ondo egin nuela eta karreran sartzea lortu nuela. Medikuntzako lehenengo maila igaro nuen eta bigarren ikasturtean nabil orain. Pozik nago abentura hau bizi eta medikuntza ikasi ahal izateagatik argentinarren ikuspuntutik.
Zertan da ezberdina Argentinako bizimodua Aiaraldekoarekin alderatuta?
Ba, egia esan, nahiko ezberdina da. Aiaraldean herriko bizimodua neraman, nahiko lasaia. Argentinan, aldiz, hiriko bizi estiloa daramat, Buenos Airesen nagoelako.
Gauza askok harritu naute, ditugun ezberdintasun kulturalek batez ere. Esaterako, zur eta lur geratu nintzen klasean eta liburutegian ikaskideak mate infusioak hartzen ikustean. Aiaraldean pentsa ezina izango litzateke klasean “mateatzen” egotea eta bitartean gailetak eta antzekoak jatea. Lehenik eta behin, arraroa egingo litzaigukeelako eta, bestetik, errespetu falta delako klasea ematen ari denarekiko.
Beste gauza bitxia da ia egunero manifestazioren bat dagoela. Oso mobilizazio animatuak egiten dituzte, niri batukadak datozkit burura.
Baina kontu serioa da, kale asko moztu egiten dituzte, eta horrek hiriko garraio mugimenduari eragiten dio. Buenos Airesen beste ezaugarri batekin lotu daiteke hori: badakizula noiz irteten zaren etxetik, baina ez zein ordutan helduko zaren heldu beharreko tokira.
Euskal Herritar asko bizi dira Argentinan. Nabari da euskal kultura eta jendartearen pisua?
Argentina etorkinen herrialdea da. Lunfardoa (argentinarren hizkera) da horren seinale. Izaeran eta jarreretan italiarren kutsua dutela esan daiteke.
Badaude Euskal Etxeak. Euskara irakasten da bertan, baita euskal dantzak ere. Buenos Aireseko Laurak Bat zentroan jatetxea ere badago. Bakailaoaren ordez abadejoa ematen dute, baina goxoa da. Trinketea dauka barruan eta baita Gernikako arbolaren oinordeko bat ere. Dena den, “euskal gaztetxe” bat da nik Buenos Airesen faltan sumatzen dudana.
Modu ez zuzen batean nabaritzen da euskal jendartearen pisua, baina nahiko gauza sotila da. Euskal kulturako sinboloak “argentinizatu” eta eurera moldatu dituzte.
Argentinako egoera ezegonkorra da. Nabaritzen da kalean ezegonkortasun hori?
Gauza askotan nabaritzen da. Herrialdeak duen inflazio ekonomikoan, esate baterako. Prezioak ia egunero igotzen dira; atzo 80 peso argentinar balio zuenak gaur 90 balio ditu.
Hego Amerikako beste hainbat herrialderekin konparatuta, nahiko herrialde segurua da Argentina. Hala eta guztiz ere, lapurreta asko gertatzen dira. Hiritik mugitzerakoan kontuz ibili behar zara eta gauzak kontrolpean izan behar dituzu.
Gauez are eta kontu gehiagorekin aritu behar zara. Nire kasuan, gauez bakarrik ibiltzea ez da gomendagarria, emakumea eta atzerritarra naizelako.
Drogekin erronka handia dauka Argentinak, heroinaren oinarrizko pasta (Pacoa) “enpanada” bat baino merkeagoa baita. Beraz, pertsona askorentzat jatea baino merkeagoa da eguna drogatuta igarotzea.
Espero dezagun herrialdea hoberantz joatea.