Txaro Sarasua talde mistora igaroko da, "militantziaren %30ak" alderdia utzi duela esanda

Erredakzioa 2017ko aza. 20a, 20:07

Txaro Sarasua -eskuman- artxibo irudi batean, oraindik PSE-EEko zinegotzia zenean. / aiaraldea.eus

Arabako PSE-EEk adierazi du akusazio guztiak faltsuak direla eta zinegotzi kargua uztea eskatu dio Sarasuari.

Laudioko Udaleko talde mistoan kokatuko da Txaro Sarasua. PSE-EEko zinegotzia izan da orain arte, baina alderdia ordezkatzeari uztea erabaki du, ez dagoelako ados herriko idazkari berria hautatzeko eman den prozesuarekin. Hala jakinarazi du prentsa-ohar baten bidez.

Iragan astean afiliatuekin eginiko batzarra “iskanbilatsua” izan zela salatu du Sarasuak. Bertan hautatu zuten Juanje Merchan idazkari berria izateko, “bi botoren aldearekin”. Bileran “ez-ohiko tentsioa” egon zela adierazi du zinegotziak, “oihu eta kexa ugarirekin eta bozketa paperak manipulatu egin zirela zioten ahotsekin”. Bere aita erasotzen saiatu zirela gaineratu du Sarasuak.

Afiliatuen %30aren baja
Bere ustez, gertatutakoaren xede bakarra bera udaletik kanporatzea zen, bere zinegotzi-postua idazkari berriak bete zezan. “Jarrera mafiosoetatik gertuago dauden taktikak” baliatu zituzten horretarako, Sarasuaren hitzetan. PSE-EEko bozeramaile ohiak gaineratu du gatazka horrek “Laudioko afiliatuen % 30a” alderditik ateratzea ekarri duela.

"Akusazio faltsuak"
Arabako PSE-EEk adierazpenak egin ditu gertatutakoaren harira hainbat komunikabideetan eta ziurtatu du eginiko akusazioak faltsuak direla. Hortaz gain, zinegotzi kargua uzteko eskatu dio Sarasuari.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide