Txakurren aisialdirako hiru gune prestatuko ditu udalak, azken Udal Osoko Bilkuran landutako ildoari jarraiki. Amets Meatza zinegotziak iragarri duenez, ez dira izango atonduko dituzten gune bakarrak eta etorkizunean aukera egongo da antzeko espazio gehiago zabaltzeko.
Latiorro auzoan, hilerri ondoan, zabalduko dute lehenengo gunea. Espazioa bi hilabeteren buruan estreinatzea aurreikusi dute, behin hesiak jarrita eta espazioa antolatuta.
Lamuza parkean eta Arraño mendian zabalduko dituzte orain arte aurreikusitako beste bi espazioak. Lamuza parkeko gunea ez da hesitua egongo baina ordutegi finko batean ibili ahalko dira txakurrak aske bertatik. Arraño mendian, aldiz, espazioa ordutegi finko batean erabili ahalko da eta hesituta egongo da, Arraño mendira igotzen den jende kopurua handia delako.