Aiaraldeko hainbat sortzaile ezkutatzen dira Larrepetit izenaren atzean. Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin plazaratu dute lehen lana: Zuhaitz horiek diskoa. Igor Arzuagak idatzi ditu abesti guztiak, hainbat musikariren laguntzarekin: Aritza Ortuzar (jazpana), Gile Iturriondobeitia (baxua), Laura Pelayo (flauta), Julen Yarritu (saxofoia), Nando de la Casa (teklatuak eta programazioak) eta Josu Garaita (ahotsa).
Diskoaren diseinua, aldiz, Aitziber Duartek egin du. Izan ere, modu berezian plazaratu dute albuma: LP gisa; biniloan, alegia. “Oso formatu maitatua da guretzako, nortasun propioa du”, azaldu du Arzuagak. Mota horretako lan batean azalak “sekulako garrantzia” hartzen du, musikari aretarraren arabera.
“Lana ez da abestietara mugatzen”, gaineratu du Duartek, “garrantzitsua da baita ere biniloa fisikoki izateak ematen dizun sentsazioa”. Baso bat ikusi daiteke LParen azalean. “Klaserako egin nuen marrazki batetik abiatu nintzen, eta horrela garatu nuen diskoaren diseinu osoa”, azaldu du artista Laudioarrak.
Proiektu gehiago labean
Durangoko Azokan aurkeztu zuten lana, eta hainbat kontzertu eskaintzeko asmoa dute. Horretaz gain, proiektu gehiago egingo dituzte elkarlanean Duartek eta Arzuagak.
Liburu bat atontzen dabiltza, ilustrazioak eta testuak uztartuko dituena. “New Yorkeko metrora 19 urterekin trikitia jotzera joan nintzenean bizitakoak jasoko ditugu bertan”, aurreratu du Arzuagak.