“Ezin dugu herrialde bat pertsona bakarraren arabera baloratu”

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko abe. 7a, 12:07
Laudion bizi da Maria Leticia López Britez. / Aiaraldea.eus

MARIA LETICIA LÓPEZ BRITEZ (Paraguay, 1993) lan egiteko helburuarekin etorri zen Euskal Herrira. Urteak daramatza Laudion bizitzen.

Urteak daramatzazu Euskal Herrian bizitzen. Zer dela eta etorri zinen?
Lan egiteko helburuarekin etorri nintzen, nire neba Bilbon zegoen eta. Zerbait ezberdina egin nahi nuen. Adinez nagusi bilakatzean, pasaportea oparitu zidaten. Bilbon hiru urte egon nintzen bizitzen eta lanean, pertsona edadetuak zaintzen.

Nebak Nerbioiko okindegian egiten zuenez lan, tren ordutegia ez zetorkion ondo, 22:30etik 01:00ak arte tarte handia baitzegoen. Bere nagusiak Laudiora etortzeko aukera eskaini zion eta horrela iritsi ginen Laudiora nire neba, haren emaztea eta ni. Guztira, lau urte daramatzat hemen.

Zer da zuretzat Paraguay?
Nire jatorria. Han dago nire bizitza eta familia. Ni ez naiz euskalduna sentitzen, argi dut nondik natorren. Nire sendia eta janaria botatzen ditut faltan, batez ere. Hemen bizitza gehiena leku itxietan egiten duzue: etxea, bulegoa... Gure herrialdean dena egiten dugu kalean: sukaldu, lan...

Gauza guztiak konpartitzen ditugu bizilagunekin. Teknologiak ere eragina du horretan, jakina. Paraguayn autobus bat hartzeko kilometro asko egin behar dituzu, uraren bila baldeekin joan behar duzu... Niri herrialde garatuagoa izatea gustatuko litzaidake, baina jendea ez dago oraindik prest.

Eta Euskal Herria?
Asko gustatzen zaidan tokia. Egia esan, ohitzen hasia naiz. Hemengo jendea atsegin dut, nahiz eta denetarikoa dagoen. Familiari askotan esan diot: hemen bizitzen ari naizena ez nuke hara joateagatik aldatuko. Gaztea naiz eta hemen han baino aukera gehiago ditudala uste dut.

Momentuz Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egiten ari naiz, eta ondoren graduondoko bati heldu nahiko nioke.

 

"Seme-alabak oso goiz edukitzen dituzte Paraguayn, eta zaintza alaba helduenarengan geratzen da"



Zer du gazte batek hemen, han ez duenik?
Zaintzarekiko askatasuna. Paraguay askoz matxistagoa da. Nik ez nuen aita apenas ikusten, beti baitzegoen lanean, igande goizetan bakarrik ikusten genuen elkar.

Seme-alabak oso goiz edukitzen dituzte han, eta zaintza alaba helduenarengan geratzen da. Eskoletan ez da sexualitatea lantzen; eta, beraz, oso gazte izaten dira guraso. Abortatzea ilegala da han. Hortaz, batez beste 15 urterekin da jendea guraso. Nire ahizpak 22 urte ditu, eta bi seme. Lehen haurra 15 urterekin eduki zuen.

Elikaduran ere alde nabarmena dago, aipatu duzunez.
Bai. Guk artoa asko erabiltzen dugu. Indabak, haragia... ere bai. Hori bai, bertako janari tipikoenak “yuca” asko du.

Etorkizunari begira, zer egitea gustatuko litzaizuke?
Hasieran gozogile izan nahi nuen, baina hemen zaintzaile lanak egin ditut eta pertsonak asko baloratzen ikasi dut.

Nola ikusten duzu zaintza, lan ikuspegitik?
Ondo, baldin eta konexioa badago bi pertsonen artean. Astelehenetik ostiralera balitz, lan baldintza egokiak dituela esango nuke. Hainbeste ordu etxe barruan ematea ez da inorentzat ona, ez edadetuentzat eta ezta langileentzat ere.

Zer egin liteke kultur artekotasuna sustatzeko?
Elkar ezagutzeko espazioak sortzea da egin dezakegun onena. Ezin dugu herrialde bat pertsona bakarraren arabera baloratu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide