Laudio Taekwondo Klubeko zortzi lagunek hartu dute parte Espainiako txapelketan. Olga Gutierrezek azaldu duenez, "amaigabea" izan zen jardunaldia, 9:00etan hasi baitzen eta gauerdian bukatu.
Gutierrez izan zen lehen domina irabazi zuena, brontzeduna, Emakumezkoen Master 2 kategorian. "Horrek poztasun eta motibazio injekzioa suposatu zuen", aitortu du.
Emaitza paregabeak
Aitziber Alonsok (Laudio-Doyan) urrezko domina lortu zuen Emakumezkoen Freestyle kategorian, 18 urtez gorakoen artean. Urko Herrerok, aldiz, brontzedun medaila etxeratu zuen Alonsoren modalitate berean. Maider eta Gentza Astobiza ahizpa-nebek bikoteka jardun zuten 17 urtez beherakoen artean, eta brontzezko domina eskuratu zuten.
Ainara Vegak kanporaketak pasa zituen, baina finalerdietako borroka galdu zuen. Ainara Vivanco eta Gaizka Molinuevo ere kanporaketetan geratu ziren at. "Edozelan ere, haien ilusioa eta egindakoa eredugarria izan zen", azpimarratu du Gutierrezek.
Freestylea, ordu txikitan
Gaueko hamarretan hasi ziren Freestyle modalitatean. Horregatik dio Gutierrezek norgehiagoka luzea izan zela. Astobizarrek, baina, gogor eutsi zioten: "Larritasunez itxaron eta gero emozioz salto egin genuen. Gentza eta Maider izan ziren parte hartzen lehenak, eta bikoteka brontzea lortu zuten". Horregatik dio urduritasuna puri-purian zegoela. Ondoren izan zen Aitziber Alonsoren txanda: "Nazio mailan bere lehen txapelketan ez zuen zalantzarik sortu, eta urrea lortu zuen. Emozioak gorantza egin zuen guraso, lagun eta taldekide guztien artean, pista ondoan". Urko Herrero izan zen indarrak neurtzen azkena, gaueko hamabiak aldera: "Presioa handitu egin zen, eta sorginen ordua helduta, gauerdian lortu zuen brontzea".