Gorbeia igotzeko marka guztiak apurtu dituzu?
Ez, badago gizon bat 2.001 aldiz igo dena. Ez dakit gehiagotan igo den. Nik abenduaren 31n espero dut igotzea 1.600. aldiz.
Edonola ere, ez dago lehiaketarik, agian hurrengo urteetan ez daukat aukerarik igotzeko. Ni mendira joaten naiz laneko kontuak ahazteko eta entrenatzeko.
Ez daukat asmorik aipatutako gizona baino gehiagotan igotzeko. Are gehiago, batzuetan elkarrekin egiten genuen ibilbidea. 2004. edo 2005. urtean zen hori. Hitz egiten genuen, eta animatzen ninduen bere marka apurtzera.
Baina behin, urte berean, ia egunero igo zinen, ezta?
Bai, nire asmoa zen egunero igotzea, baina ezkondu nintzen eta 11 egunez ezin izan nuen Gorbeiara jo. 2001eko abenduaren 11n hasi nintzen, eta 2002ko abenduaren 5ean ezkondu nintzen.
Hala ere, egun batzuetan ezinezkoa egin zitzaidan Gorbeiara joatea eta 4 aldiz igotzen nintzen orekatzeko, edo 2 edo 3.
Aurten dagoeneko 111 aldiz zapaldu ditut Gorbeiako Gurutzearen inguruak. Gabonzaharrean 1600. igoerara heltzea espero dut. Hala ere, esan bezala, ez da obsesioa: elurra gogoko dut eta dena egokitzen bada, primeran.
Nola sortu zen zure harremana Gorbeiarekin?
Honek menpekotasuna sortzen du. Gorbeiako edertasuna ikusten duzu eta hurrengo egunean gehiago nahi duzu. Asko lasaitzen naute elurrak, kobazuloek...
"Gorbeiaren edertasunak menpekotasuna sortzen du"
Batzuetan, etxean nago eta konturatzen naiz ez naizela igo. Orduan, galdetzen diot emazteari zer egingo duen, eta tartetxoa izanez gero, banoa.
Ba al duzu bereziki gogoko duzun zerbait?
Azkenaldian askotan joaten naiz Sarriatik bertako harrobietara. Handik ateratzen zituzten errotetarako harriak eta maiz galtzen naiz. Egun horietan birritan tontorrera igo ordez, nahiago dut zonaldea ikustea, ibaia, ur-jauziak...
"Bidexka galduak berriro irekitzen ditut, labana hartzen dut eta sastrakak moztu"
Dena den, Gorbeian edozein leku da polita. Ni bide arruntak saihesten saiatzen naiz, bidezidor zaharrak topatzen. Bidexka ia galduak berreskuratu ditut; labana eramaten dut eta sastrakak mozten ditut. Hori bai, toki asko ditut ikusteke oraindik.
Zenbat denbora behar duzu orokorrean tontorrera igo eta jaisteko?
Asmoaren arabera. Gozatzera joaten banaiz 4 orduztan egon ninteke, argazkiak egiteko gelditzen bainaiz.
Ordea, entrenatu behar badut, ordubete eta 20 minututan egiten dut. Lehen ordubete eta 9 minutu baliatzen nituen. Igotzeko 54 minutu ematen ditut orain, baina sasoian nengoenean 45 minuturekin nahikoa nuen.
Dena den, denbora izanez gero, Oketaraino joaten naiz maiz. Entrenatzea atsegin dut, baina onena da Gorbeian galtzea, onddoak hartzea, Mairulegorretako kobazuloan edo Itxinan sartzea...
Onena da txoko berriak ezagutzea eta gero jendeari erakustea.
"18 urterekin, ama hil zenean, hasi nintzen mendira joaten korrika egiteko eta dena ahazteko"
Nola hasi zinen mendi lasterketetan?
18 urterekin. Nire ama gazte hil zen eta mendira joaten hasi nintzen korrika, dena ahazteko. Ibilaldiak egiten nituen; Laudiokoa, Amurriokoa, Orozkokoa... Nire lehen lasterketa izan zen Arratiako Hiru Gurutzeak eta gogoko izan nuen.
Hala ere, kirol bitxiak egin ditut beti, sokatira edo eskubaloia, esaterako. Sokatira, adibidez, sufritzeko kirola da, eta jende guztiak ez zuenez %100a ematen, erabaki nuen nik bakarrik egitea kirola.
Esan bezala, niretzat garrantzitsuena zen, dena ahaztea ahalbidetzen zidalako.
Zein da zure lasterketa kuttunena?
Hiru Handiak. 12 edizio egin ditut. 2004. urtean 2. postua eskuratu nuen eta lehenengo aldian 21. Adibidez, 4. eta 5. postuak ere lortu ditut. Garai horietan gorputzak oso ondo erantzuten zuen, baina aita izan nintzen; eta geroztik, emaitza hain onak ez ditut erdietsi.
Egun, helmuga gurutzatzearekin nahikoa daukat. Izan ere, gorputzak ez dit gehiagorako ematen.
Mendi lasterketetan aldaketa handia eman da azken urteotan?
Jende gutxiago ginen lehen eta elkarlan gehiago zegoen. Nik uste dut mendi lasterketen oinarria galdu dela apur bat; dozena bat edo 15 ginen lehen, eta komunikazio gehiago zegoen gure artean.
"Mendi lasterketen alderik onena mendia bera ezagutzea da"
Orain beste lasterketa mota batzuk egiten ditut: Orozkoko Mugak edo Gorbeiako Milakoa. Horietan pertsona bati esaten diozu hasiko duzula berak prestatutako ibilbidea eta bidali behar dizkiozu mugarrien argazkiak. Ez dago markarik, ezagutu behar duzu ingurua.
Egun, jende askori kenduz gero markak lasterketa batean, galtzen da. Mendi lasterketaren alderik onena da mendia bera ezagutzea!
Edonola ere, hemengo lasterketak ez ezik, bestelakoak ere egin dituzu, ezta?
Bai, Monegrosen, Ultra Trail Mont Blanc, Zegama-Aizkorri, Gorbeabarren... lehen proba gutxiago zeuden. Orain Picos de Europara jotzen dut asko. Horiek oso gogorrak dira; Travesera, UTPE, Pastores de Portudera Traila... zoragarriak dira. Hemen hurbil egongo balira, Picos de Europan egongo nintzateke galduta egun osoan.
Dena den, horrelako lasterketak egiteko, sasoi egokia beharrezkoa da. Zuk zer uste duzu dela ezinbestekoa?
Orain ez naiz eredu aproposa. Ez dut gogoko nola nagoen orain. Hala ere, jendeak maiz galdetzen dit nola egin dudan lesiorik ez izateko. Nik egunero entrenatzen dut, Gorbeiara noa... zerbait ondo egiten dut, baina orain azkar ezin naiz joan, pisu asko hartu baitut.
Ez dut elikadura lehen bezala zaintzen eta lanak ez du laguntzen; goiz altxatzea, eguerdian bukatzea, gutxi lo egin...
"Alde psikologikoa da garrantzitsua lasterketetan, sinistu behar duzu ibilbidea beteko duzula"
Zein da zuk egin duzun lasterketarik gogorrena?
Fisikoki ez, baina buruan eragina nabaritu nuen Ultra Trail Mont Blancen. Azkenaldian ere Lau Mila gogorra egiten zait, aurtengoa izango da nire azken saiakera, ez badut bukatzen, ez naiz itzuliko. Ahal dudan baino azkarrago joan nahi dut eta horrek lur jota uzten nau.
Alde psikologikoa oso garrantzitsua da. Izan ere, egunero Gorbeian 80 kilometroko ibilbidea egin dezaket arazorik gabe, eta Lau Milakoaren bidea antzekoa da, baina ez baduzu sinisten lasterketa ondo egingo duzula, ez duzu egiten.
Adibidez, gauez korrika egiteak ez nau kaltetzen. Lehen oso gogoko nuen eta orain Gorbeiara gauez joaten naiz, baina lasterketa batean nekez egiten dut, kostata.
Zenbat probatan parte hartu duzu?
Bufff... ba ez dakit. Dortsal guztiak gordetzen ditut etxean eta multzo handia daukat. Ziurrenik 100 baino gehiago.
Ondo legoke bat antolatzea hemen, baina Laudion badago Mugagabe Trail Lasterketa. Nik Gorbeian egingo nuke, baina oso zaila da, baimen pilo eskuratu behar dira eta.
Gorobelen daukat bat buruan, izugarria litzateke: Menoiotik abiatu, Eskaileretako Ataka igo, Eskutxi, Kurtiberanoseko kobazuloa, Anguloko Ataka, Araos, Atatxa...
Gorobel ere oso polita da eta leize pilo ditu. Menerdigan bertan badago bat ikusgarria, hartz markekin. Aizkorri, Lokiz, Urbasa, San Donato, Egino, Leze, Badaia, Arkamo, Anboto... ere bisitatzen ditut. Hilero Aizkorri eta Anbotora igotzen saiatzen naiz.
Mendian ez bazenu korrika egingo, egingo zenuke?
Ba egia esanda, mendian entrenatzen hasi nintzen atletismo pistetan hobeto aritzeko, baina mendia askoz gehiago gogoko dut. Hala ere, 10 maratoi edo bete ditut.
"Nire ametsa da Tor des Geants lasterketa egitea; 330 kilometro"
Hori bai, nik mendizaletzat jotzen dut nire burua. Oso atsegina da arineketan joatea beste lagun batekin hizketan paisaiak ikusten dituzula. Nire ametsa de Tor des Geants lasterketa egitea, baina 330 kilometrokoa da eta oso prestatuta egon beharra dago.
Nik egin dudan luzeena Ultra Trail Mont Blanc izan da; 165 kilometro. Ez dut oroitzapen oso ona, nire marka ez bainuen jaitsi. Sasoia hobetzeko Gorbeia sakrifikatu beharko nuke, kilometro lau gehiago egiteko.
Erronkaren bat betetzeke daukazu?
Aspaldi lehiakorragoa nintzen, baina daukadan lanarekin ezin dut behar den moduan atsedenik hartu. Orain nire helburuak ez da lasterketetan lehiatzea, baizik eta bukatzea; Desafío Somiedo edo UTPE. Horretarako emaztea konbentzitu behar dut eta Ehun Mila lasterketa ez egin.
Hasi nintzenean proba gutxi antolatzen ziren. Galarleizen nire markarik onena izan zen 3 ordu eta 30 minutu -19. postua eskuratu nuela uste dut-, Hiru Handietan 2. postua lortu nuen behin, eta Zegaman 31. postua, Munduko Kopa izan zenean 2005. edo 2006. urtean.
Esaten duzu bakarrik entrenatzea bakarrik nahiago duzula, baina jendeak lasterketetan animatzea gogoko duzu?
Bai, Zegama-Aizkorri lasterketan jendea inguruan duzunean ileak puntan jartzen zaizkizu. Korrika egitea gustuko duenak behin egin behar du, gutxienez.
Aipatu behar dut orain Orkatzak taldean nagoela. Egia esanda, oso bakartia izan naiz beti eta ez dut inon parte hartu, baina ia konpromisorik ez dutenez eskatzen, hor nago. Funtsean, elkarrekin korrika egitera ateratzen dira.
Hala eta guztiz ere, nire ordutegiak oso jende gutxik jarraitzen ditu, Javi Saezek bakarrik. Ondo badago, larunbatetan goizeko 05:30ean Gorbeiara jotzen dugu, edo Izarrara.