Omniako zinegotzi izateari utziko dio Alvaro Barriosek

Erredakzioa 2017ko abe. 19a, 20:35
Gaurko agerraldiaren irudia, Endika Ibañez Alvaro Barriosen alboan agertzen da./ Omnia

Omniako zinegotziak eta bozeramaileak bere lekua utzi dio Endika Ibañezi. Edonola ere, Alvaro Barriosen asmoa da 2019an Omniaren zerrendaburua izatea berriro alkatetza eskuratzeko. Momentuz, ordezkari politikoa izateari uko egin dio lanpostua onartzeko esparru pribatuan.

Gaur jakinarazi du Alvaro Barriosek ordezkari eta bozeramaile lanak utziko dituela Omnian. Politikoak adierazi du ez dela izan borondatez hartutako erabakia, baizik eta EH Bilduko udal gobernuaren jarreraren ondorio.

Izan ere, Omniako kideak salatu du alkatetza duen koalizioak ez duela onartu jarduera osoko soldata bideratzea oposizioko taldeei, eta horrek eragotzi diola bere lana behar den moduan egitea.

Alvaro Barriosek aldarrikatu du oposizioa egiteko beharrezkoa dela denbora ugari batzordetan parte hartzeko edota txostenak modu egokian aztertzeko. Omniako sortzaileak ziurtatu du bere bitartekoekin egin duela orain arte hori guztia. Zentzu horretan, leporatu dio EH Bilduri "bide ez demokratikoak" hartzea oposizioa oztopatzeko.

Gauzak horrela, Barriosek azaldu du esparru pribatuan lan egiteko eskaintza onartu behar izan duela eta horrek eragotziko diola bere betebehar politikoei heltzea. Alderdi independenteko kideak uste du EH Bilduk hori jakinda ez duela ahalbidetu lanaldi osoko soldata oposizioko kideentzat.

Hala eta guztiz ere, Alvaro Barriosek iragarri du bere helburua dela 2019an Omniako zerrendaburua izatea berriro ere, eta alkatetza lortzea.

Bozeramaile lanetan Nerea Gonzalezek hartuko du bere tokia eta udal osoko bilkuran eta batzordeetan Endika Ibañezek ordezkatuko du. Abenduaren 26ko udal bilkuran jadanik ez du parte hartuko Barriosek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide