Etawasol elkarteak eta Udalak "Sahara eta Euskal Herriko" kultura egunak prestatu dituzte. Asteburu atarian izango da hitzordua, ostiralean eta larunbatean, hain zuzen. Modu horretan nahi dute kulturartekotasuna sustatu. Izan ere, asko dira bailaran bizi diren sahararrak.
Egitarauari dagokionez, erakusketa bat jarriko dute erabilera anitzeko aretoan ostiralean. Halaber, hitzaldia ere egongo da, kultura ezberdinetako pertsonen bizipenak plazaratzeko. 17:00etatik 20:00etara izango da hori.
Larunbatean, berriz, Aldai plazako karpa izango da ekintzen lekuko. 12:00etatik 15:00ak bitarte egongo da txokoa zabalik. Antolatzaileek adierazi dutenez, musika emanaldia ere egongo da.