Horma batek eusten zuen lur andana erori da errepidera Isasin. 9:15 aldera jazo da ezbeharra. Furgoneta bat guztiz txikituta geratu da, eta emakume bat zauritu da txakurra paseatzen zegoela. Auzoko gainontzeko hormak berrikusi arte trafikoa moztuta egongo da.
Lekukotzak
Auzokideek lurrikara antzeko bat sentitu dute, Andere Ugarriza lekukoaren arabera. "Haizeteak direla eta ez dugu oso ondo lo egin. Nik dardara sentitu dut, baina etxekoren bat lurrera erori dela izan da pentsatu dudan lehendabiziko gauza. Ertzaintzak jo digu atea ondoren, gertatutakoaren berri emateko", adierazi du.
Auzunearen gainontzeko lur eta horma eremuak aztertu arte ibilgailurik ez mugitzeko eskatu diete bizilagunei. Dagoeneko ari dira eremua garbitzen gruak. Lur jausiak espazio asko hartu duela eta, bidea moztuta dago oinezkoentzat eta ibilgailuentzat: "Lorategiz lorategi saltoka joan behar gara hemendik ateratzeko". Izan ere, etxebakarrak dira eraikin gehienak.