Eusko Jaurlaritzaren txostenak Baskitoren kasua aitortu du.
Ez dut oraindik irakurtzeko astirik izan. Hala ere, ez da epaiketa eta torturen berri jasotzen duen argitalpen bakarra: Xabi Makazagak 2008an aurkeztu zuen liburuan ere ageri da. Liburuan agertzen denez, Baskitok aneurisma zerebrala izan zuen, eta Makazagak ez du baztertzen torturen ondorio izan daitekeenik, kolpeak gaixotasuna hedatu zitzaion tokian jasan baitzituen. Oso gogorra da, egun hauetan ere, gogoratze hutsak barrena asko mugitzen dit.
Noiz atxilotu zuten?
Istorioa 1986an hasi zen, urtarrilaren 22an. Aurretik, baina, 1981ean bere amaren etxera joan zen polizia Baskitorengandik galdezka. Haren amak ez zuen gogoratzen zein etxetan bizi ginen, eta gure kaleko lehen zenbakiak esan zizkion azkenekoen ordez, portalez nahastuta. Gau hartan polizia “despliegea” egon zen etorbidearen hasieran. Bost urte beranduago agertu ziren etxean Baskito atxilotzeko. 24 orduz egon zen polizia etxean, ondoren aske utzi zuten. Laudioko 9 lagun atxilotu zituzten gau hartan ETArekin kolaboratzea leporatuta. Hiru izan ezik, denak espetxeratu zituzten. Baskitorena izan zen tortura salaketak aurrera egin zuen bakarra.
Polizia auzitan jarri zuen Baskitok tratu txarrengatik. Arabako lehena izan zen salatzen.
Zailtasun asko izan zituen poliziak auzitara eramateko, baina edozer egiteko prest zegoen Baskito. Salaketa prozesuak bi urte iraun zituen. 1988an atera zen sententzia. Baskito oso ziur zegoen torturatu zuen polizia nor zen: Antonio José Rodrigez.
Kondena jarri zioten poliziari, baina sei urtera epaitegiko abisua jaso genuen: salaketa erretiratzeko eskatu zigun Guardia Zibilaren abokatuak, izugarria da.
"Baskito oso ziur zegoen torturatu zuen polizia nor zen: Antonio José Rodrigez"
Egun bateko atxilo aldian zein tratu txar salatu zituen?
Gasteizerako bidea lau ordutan egin zuten. Hori izan zen lehen salaketa: bidean etengabe geratu zuten autoa. Baskitok kontatuta dakit “Irratia jarri” esaten ziotenean poliziek elkarri, ibilgailua geratzen zutela. Barrabiletan eta buruan kolpeak eman zizkioten. Horrez gain, gure seme-alaben eta familiaren inguruko informazioa baliatuta mehatxatu egin zuten, txantaia baliatuta.
Atxiloketaren lekuko izan zinen. Nola gogoratzen duzu unea?
Bazekiten umeak genituela, eta eskerrak, poliziak ez ziren euren gelan sartu. Era berean, lekukoak izateko eskubidea genuela esan ziguten. Bikote bat abisatu genuen.
Etxea hankaz gora jarri zuten, ganbara batez ere. Aldizkari batzuk eraman zituzten, Argiako aldizkariak barne. Etxekoa oso gogorra izan zen. Nik une hartan -gaueko ordu biak- ez nuen inor abisatu. Biharamunean, zortzietan, Pablo Gorostiagari hots egin nion, eta hark esan zidan atxiloketa gehiago egon zirela Laudion. Baskito izan zen, ordea, tratu txarrak jasan zituen pertsona bakarra.
Epaiketa handik bi urtera izan zen.
Oso gogorra izan zen. Poliziek eszena guztiak ezeztatu zituzten. Baskitok tratamendu psikologikoa behar izan zuen.
Justiziak zer ebatzi zuen?
Sententziak aitortzen du Bilboko ospitalean egon zela, aurrez anbulategian izan zela, eta handik erietxera bidali zutela.
Egunkarietan ere azaldu zen gertatutakoa: Baskitok edema izan zuen barrabiletan, barrabil-zorroetan barizeak eduki zituen, bizkarrean erosioa eta bi tinpanoetan hondoratzea.
"Baskitok edema izan zuen barrabiletan, barrabil-zorroetan barizeak eduki zituen, bizkarrean erosioa eta bi tinpanoetan hondoratzea"
Poliziaren tratuari buruzko aipamenik jasotzen al du epaiak?
Poliziaren zin-egitea ere barne hartzen du, agenteek zuzen jokatu zutela eta tratu txarrik ez zutela eman adieraziz.
Araban onartu zen lehen tortura kasua izan zen Baskitorena, baina helegitea aurkeztu zuten akusatuek eta Auzitegi Gorenera igaro zen kasua. 1988an atera zen kondena: polizietako bati 2 hilabetez atxilo egotea eta sei hilabeteko inhabilitazioa jarri zioten. Horrez gain 300.000 pezetetako kalte-ordaina ezarri zioten, nahiz eta ez dugun sekula jaso. Bi polizia salatu zituen Baskitok, eta beste epaitua absolbitu egin zuten.
Bide judiziala erabiltzea garrantzitsua da, beraz.
Noski. Eusko Jaurlaritzak Baskitoren tortura kasua aitortu arren, mina izugarrizkoa izan da. Asko sufritu genuen fisikoki eta emozionalki torturarekin.
Erakundeek, zentzu horretan, badute zer eginik?
Bai, noski, bestela ezerezean geratzen da. Hori gertatzen da normalean. Torturak Ezker Abertzaleko jendeak salatzen dituenez, badirudi asmatu egiten dela. Zoritxarrez, gauza asko isildu dira herri honetan, ez dakizue zenbat.