Ia urtebete daramazu Nikaraguan bizitzen. Zer dela eta joan zinen bertara?
Kooperazio masterreko praktikak egitera joan nintzen, Espainiako erakunde batekin bertako GKE baten lanak egiten laguntzeko. Koordinazio funtzioak egiten ditut, batez ere. Hiru hilabete egon nintzen praktiketan, eta bertako GKEan hasi nintzen gero lanean, maskulinitate tailerrak ematen eta proiektuen formulazioak egiten.
Zeri buruzko proiektuak diseinatu dituzu?
Egitasmoetako bat Espainiako erakunderako diseinatu nuen eta Nikaraguako emakume gazteen errotzea sustatzera bideratua zegoen. Egitasmoaren xedea zen emakumeek euren produktu propioak ekoiztea landa-eremuan, migrazio-tasa handiak ekidite aldera, asko direlako Costa Ricara, Estatu Batuetara edota Espainiara doazen pertsonak. Proiektua aurkeztu dugu eta onartu egin dute. Aurten ekingo diogu gauzatzeari.
Erakunde feminista batean nago, landa eremuko emakumeekin egiten dugu lan, nekazariekin. Kafea eta bestelako landareak landatu eta tailerrak ematean datza elkartearen jarduna. Feminismoari edota sexu-osasunari buruzko saioak eskaintzen ditugu. Klinika mugikor bat dugu baita ere, komunitateetatik aritzen dena.
"Erakunde feminista batean nago, landa eremuko emakumeekin egiten dugu lan, nekazariekin"
Nikaraguako zein tokitan egon zara? Ezberdintasun asko daude zonaldeen artean?
Herrialdea oso zentratua dago Pazifiko aldean. Bertan daude hiri handienak: Managua, Estelí... bertako jende gehiena mestizoa da eta gazteleraz hitz egiten dute. Karibe aldean, aldiz, bi eskualde daude eta nahiko autonomoak dira. Hor badaude herri indigenak eta nahiko ahaztuak daude instituzioen aldetik.
Zer da herrialdetik arreta gehien deitu dizuna?
Beroagoak direla esan ohi da, ezagutu gabe ere hemen baino tratu atseginagoa dago jendearen artean.
Oso ezberdinak dira baita ere bizitzeko erritmoak. Geldoagoak direla esan ohi da, baina bizi-estilo oso ezberdina dutelako da. Unean uneko bizipenek hemen baino garrantzi gehiago dute han. Zer edo zer txarra geratzen zaienean oso argi dute une bateko kontua dela eta gero bizitzak aurrera jarraituko duela.
Alde horretatik nabaritu dut estresa eta depresio murritzagoa dela han, momentuak garrantzi handiagoa duelako. Niri gertatu izan zait lankideren bat ordubete berandu iristea aspalditik ikusi gabeko lagun batekin hitz egiten geratu delako. Ez dago hemen dagoen presarekiko garrantzi hori, eta horrek talka sortzen du instituzioen ereduarekin, Estatu Batuetatik edota Europatik inportatua izan delako.
"Oso ezberdinak dira baita ere bizitzeko erritmoak. Geldoagoak direla esan ohi da, baina bizi-estilo oso ezberdina dutelako da"
Nikaragua pil-pilean egon zen 80-90eko hamarkadetan sandinistekin. Zein da gaur egungo egoera?
Klientelismoa asko garatu da. Presidentziak kontrol handia du gobernuaren, komunikabideen eta, batez ere, alderdien barruan.
Horrek herritarren gehiengoa instituzioei bizkarra emanda antolatzera bultzatu du.
Sandinismoarekin kooperatibak garatu ziren eta gaur egun herrialdeko enpresa-ehunaren gehiengoa osatzen dute.
Badaude enpresa handiak, Eroskiren tankerakoak. Baina badaude txikiak ere, kooperatibismo integralarekin funtzionatzen dutenak. Edonola ere, ekonomiaren zati gehiena murgildua da.