Laudioko EAJ-PNVk prentsa-oharra plazaratu du salatzeko udalak ez dituela oraindik estolderia eta zabor zerbitzuen 2016, 2017 eta 2018. urteetako tasak igorri. Jeltzaleen udal-taldeak abenduko udal osoko bilkuran galdetu zuen gaiaren inguruan. “EH Bilduk eskainitako erantzuna entzutean sortutako kezka are handiagoa izan zen”, adierazi dute EAJko kideek, “izan ere, ordainketarik oraindik ere egin ez zela aitortu eta gero, ez zuen zehaztu noiz edo nola egingo zen”.
Jeltzaleek nabarmendu dute udalaren atzerapen horrek diru-kopuru handiak jasotzea ekidin duela: 2016an 1.012.469,06 € bildu behar ziren eta 2 milioi euro inguru, aldiz, 2017an. “EH Bilduren diru-biltzaile izaera negargarriaren eta aurrekontu gestio ahularen adibide berri honek eragina izango du etorkizunean egin beharreko diru bilketen inguruko erabakietan eta zergadunen poltsikoetan”. Diru hori jada bilduta egoteak “oraindik ere egiteke dauden obra garrantzitsuak” gauzatzeko balioko lukeela uste dute jeltzaleek, “herritarrei behar besteko minik egin gabe”.