Zergatik sortu da orain Laudion egoitza irekitzeko asmoa?
Laudioko Podemoseko zirkuluak duela 3 urte eta erdi lan egiten du herrian. Orain arte ez dugu lokalik elkartzeko eta batu gara Kultura Etxean, erabilera anitzeko aretoan, tabernetan, plataformaren batek utzitako lekuan...
Ikusgarri izateko lekurik izan ez dugunez, batik bat, lan egin dugu hauteskunde kanpainetan, asko egon baitira. Laudion emaitza oso onak egon dira zentzu horretan.
Ekitaldiak eta hitzaldiak egin ditugu eta Arabako Batzarreko kideekin lan egin dugu, koordinakundetan... Izan ere, alderdia berria da eta osatzen ari da. Ondorioz, herrira begira, agian, egindakoa ez da sumatu ondo.
"Badakigu aplikazio telematikoaren bitartez laudioar askok parte hartzen dutela Podemoseko erabakietan, egoitzara hurbiltzea nahi dugu"
Orain egoitza irekitzeko ordua heldu da. Jende orok dakien moduan, Podemoseko ordezkariek, gehienez, kobratzen dute lanbide arteko gutxieneko soldata hirukoiztuta. Gainerako dirua alderdiaren esku geratzen da.
Baliabide ekonomiko horiekin, besteak beste, Euskadiko zenbait udalerritan egoitzak irekitzen ari gara. Podemos Laudiorentzat hori da modu bakarra ikusgarri izateko, ez baitugu ordezkaritza udalean.
Hortaz, alderdiak ordaintzen du egoitza eta irekierarekin ofizial egin nahi dugu Laudioko Podemoseko zirkulua eta ahalik eta gehien zabaldu, laudioarrek lekua izan dezaten etortzeko. Jende ororekin hitz egin nahi dugu lan egiteko eta elkarrekin gauzak egiteko herrian.
Ordezkaritza daukagu Arabako Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean, hortaz, aldarrikapenak bideratu ditzakegu.
Bestalde, badakigu Laudion herritar ugarik parte hartzen duela Podemosen aplikazio telematikoaren bitartez eta nahi dugu jende hori erakartzea lan egiteko eta laguntzeko.
Guztion artean zerbait egin dezakegu, gutxiren esku geratzen bada, oso zaila izango da.
Zer jarduera mota egingo dituzue egoitzan?
Elkartzen gara hemen eta proiektu politikoa sortzen ari gara, geroago jakinaraziko dugu, oraindik ez baitugu amaitu. Bilera irekiak egin nahi ditugu, hilean behin edo bitan.
Hitzaldiak ere antolatu nahi ditugu. Edonola ere, nahi dugu jendea etortzea, parte hartzea... Podemos sortu da txarto dauden gauzak aldatzeko, bistakoa baita aldatu behar dela. Guztion artean egin dezakegu, batek bakarrik ez.
"Gu egongo gara lagundu dezakegun edozein gaian, baina horretarako jendeak aintzat hartu behar gaitu"
Ez da Podemosen arazoa bakarrik, berdin zait alderdia. Kontua da jendearen mesederako egin behar dugula. Hori da nahi dugun gauza bakarra. Gu egongo gara lagundu dezakegun edozein gaian, baina horretarako jendeak aintzat hartu behar gaitu. Hau irekirik egongo da eta jendearentzat izango da.
Zubiaur kaleko 5. zenbakian dago egoitza eta asteartetan eta ostegunetan irekita egongo da 11:30etatik 13:00ak arte eta 18:00etatik 20:00ak arte. Gurekin harremanetan facebook, ahaldugupodemoslaudio@gmail.com helbide elektronikoa edota 94 685 46 73 eta 688 739 092 telefono zenbakiak balia daitezke.
Zein izan da Laudioko Podemoseko zirkuluaren ibilbidea?
Egoera asko bizi izan ditugu. Gure artean batzuetan aipatzen dugu bidean harri ugari izan dugula. Hasierako bileretan 80 lagun elkartu ginen, baina gero, ez dakigu zergatik, jendea desagertu da, edo joan eta itzuli da...
Orain 7 eta 10 lagunen artean gaude aktibo. Badakigu kanpainak hurbiltzen direnean jende pilo agertzen dela.
"Jende askok Podemosen aldeko apustua egin du. Bilera batean 80 partaide elkartu ginen, nahiz eta orain 7 edo 10 kide gauden aktibo"
Biltzeko lekurik ez dugunez izan, jende asko urrundu da. Horrez gain, guztiok daukagu gure lanak, bizitza... Alderdia urte hauetan osatzen joan da. Beste alderdi batzuetan dinamikak jarraitzearekin nahikoa daukate.
Ikusi dugu jende askok apustua egiten zuela Podemosen alde. Esan bezala, behin bilera batean zenbatu genuen 80 partaide baino gehiago. Hori bai, batzuetan uztea pentsatu dugu, baina jarraitzea erabaki dugu, ea zerbait lortzen dugun.
Podemosek parte hartuko du Laudioko udal hauteskundetan?
Ez dugu erabaki momentuz. Hitz egiten ari gara, baina programa osatu behar da, besteak beste. Laster erabakiko dugu. Hausnartu behar dugu jendea dagoen, nola egin...
"Ez dakigu udal hauteskundetan parte hartuko dugun Laudion"
Urtarrilaren 25ean, ostegunean, izango da egoitzaren inaugurazioa.
Bai, herritar oro gonbidatu nahi dugu etortzen. Luntxa egingo dugu eta udalean dauden alderdi guztiei gonbidapena bidali diegu; batzuek erantzun dute jadanik. Hedabideak ere deitu ditugu eta Podemoseko jendea etorriko da Gasteiz eta Arabatik.
Guretzat harro sentitzeko modua da honaino heldu izana eta jendearekin ospatu nahi dugu, gurekin egon dadin.
Ibilbide gorabeheratsua aipatu duzu. Tokikoa edo orokorra?
Zirkulua sortu zen norbaitek kartelak jarri zituelako eta horren ondorioz zenbait jende elkartu ginen, besterik gabe. Ez genuen elkar ezagutzen eta norberak bere iragana zuen.
Niretzat oso gauza berria da eta ez naiz inoiz politikan egon. Arabako Batzar Nagusietako hauteskundetan hautagai izan nintzen eta gutxigatik ez genuen lortu.
Dena oso berria izan da guretzat, hasiberriak izan gara eta ilusio guztia jarri diogu proiektuari. Hasieran gure diruarekin ordaintzen genuen dena eta ahal dugun ekimen guztietan parte hartu dugu gauzak aldatzeko gogoak ditugulako.
Egoitza irekitzeak ilusioa itzuli digu. Gure lana ez zuenez isla publikorik, galdetzen genion gure buruari zer egin, jendeak ez baitzekien zer egiten genuen.
"Hautagai izan nintzenean, ezezagunek gelditzen ninduten animoak emateko"
Adibidez, gogoratzen dut hautagai izan nintzenean jendeak kalean gelditzen ninduela animoak emateko. Ezagutzen ez nuen jendea. Horrek animatzen ninduen. Jende horregatik nago hemen.
Gauzak oso txarto daude eta aldatu beharra dago. Baina horretarako ezin gara bakarrik egon. Ezinbestekoa da jakitea zer gertatzen zaion jendeari, zer arazo dauden... badakigu hainbat gauza, baina nahi dugu arazoa duen edonor, norbanako edo elkarte izan, hurbiltzea.
Nik ez dut esango guk arazo guztiak konpondu ditugula, baina hemendik igaro behar da jendea jakinarazteko bere arazoa eta guk landuko dugu. Alderdian kide ugari dago aholkuak emateko.
Oso jende ezberdina elkartu zarete alderdian?
Oso anitza izan da. Jende ugari elkartu da dagoen politikarekin nekatuta zegoelako. Politikariek ez zutelako ordezkatzen eta ilusio barik zegoelako. Hainbat jende pentsatzen zuen egoerak ezin zuela berdin jarraitu eta horrek lagundu gintuen.
Partaideak oso ezberdinak ziren, baina lotu gintuen aldatzeko ilusioak. Orain gure helburua da zerbait egitea herriaren alde.