Euskara teknikariak EUDELeko Toponimia Batzordean parte hartzea erraztea eskatu du oposizioak

Erredakzioa 2018ko urt. 29a, 10:10

Felix Mugurutza Laudioko Udaleko euskara teknikaria da.

Felix Mugurutza Laudioko euskara teknikariak opor egunak hartu behar ditu EUDELeko Toponimia Batzordean parte hartzeko. Oposizioak eskatuko dio gaur udal gobernu taldeari udalbatzan bere jarrera aldatzeko gai horretan.

Laudioko oposizioko talde guztiek mozioa osatu dute gaur eztabaidatzeko udalbatzan. Testuan eskatu diote EH Bilduri Felix Mugurutza euskara teknikariaren egoera aldatzeko EUDELeko Toponimia Batzordeari dagokionez. Mugurutzak azaldu du lau urte zeramatzala bilera horietan udal langile moduan parte hartzen, eta salatu du orain "arrazoirik gabe" ukatu diotela zita horietara bere lanorduetan joateko eskubidea. "Langile publikoa izanda nire eskubidea da", aldarrikatu du euskara teknikariak.

EAJ, Omnia, PSE-EE, PP eta talde misto independentearen ustez, batzorde horretan teknikariak udala ordezkatzen du langile gisa. Hortaz, euren aburuz, ez luke opor egunik eskatu beharko bertan parte hartzeko. Horrez gain, oposizioak ez du normaltzat jo egoera.

Mugurutzak berak salatu zuen bizi duen egoera bere blogean eta sare sozialetan plazaratutako mezu batean. Oihartzun handia izan zuen euskara teknikariaren kontaketak, eta orduan erabaki zuten opozisioko taldeek mozioa aurkeztea. Gaur arratsaldeko osoko bilkuran eztabaidatuko da. 

"Bide ez egokiak" EH Bilduren ustetan
Bestalde, EH Bilduk adierazi du udalbatza ez dela lekua horrelako gaiak lantzeko. Iñigo Martinez zinegotziak azaldu du bestelako esparruak daudela udal langileen lan baldintzak eta aldarrikapenak jorratzeko.

Zentzu horretan, EH Bilduren ordezkariaren aburuz, oposizioak gai hori baliatu nahi du udal gobernu taldea kaltetzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide