Itxarkundia Dantza Taldeak irakurriko du San Roke jaien pregoia

Aitor Aspuru Saez 2018ko ots. 2a, 10:50

Itxarkundiako kideak gaurko agerraldian. / Aiaraldea.eus

Dantza taldearen 40. urteurrena da aurten eta bere ibilbidea aitortu nahi du Jai Batzordeak.

Itxarkundia Dantza Taldeak irakurriko du abuztuko jaien pregoia. Izan ere, elkartea 40 urte beteko ditu aurten.

Taldeko arduraduna den Aitziber Tempranok eta hiru kide gehiagok agerraldia egin dute gaur eta eskerrak eman dizkiete Jai Batzordeari zein Udalari, proposamena egin eta onartzeagatik. Nola ez, aurreratu dute dantzek protagonismo handia izango dutela irakurketan.

40. urteurrena ospatzeko
Aurten 40 urteko ibilbidea beteko dutenez, Itxarkundia Dantza Taldeko kideek ospakizun egitaraua prestatu dute, eta otsailean zabalduko dute. "Ia guztia lotu dugu, baina otsailean jakinaraziko ditugu ekintzak, apirilean izango baitira gehienak", aurreratu du Tempranok. Berez, dagoeneko argazkiak jasotzen ari dira erakusketa prestatzeko.

Egun 150 dantzarik osatzen dute taldea. 110 inguru umeak eta gazteak dira, eta gainerakoak helduak.

Sortzailearen aztarna; Salutxu
Salustiana Etxeberriak, Salutxuk, sortu zuen taldea 1978an eta bere itzala luzea da egun, aspaldi zendu bazen ere. Emakume hori Aldai plazan dagoen lekuan hasi zen euskal dantzak irakasten, garai horretan mojen jolastokia zen eta. Geroago Batzokira jo zuten eta EAJ eta EA zatitu zirenean, Elkartetxera. Azkenean, Kultura Etxean kokatu ziren eta han jarraitzen dute.

Orain Itxarkundiako kideak ikertzen ari dira zein den zehazki taldearen historia; Salutxu erbestean egon zen Iparraldean Guda Zibilaren ostean, eta gero Jose Uruñuela musikariarekin harreman estua izan zuen. Berez, musikariak dantza pieza asmatu zuen Salutxu eta bere nebarentzat.

Sortzailearen omenez emanaldia egingo dute Kiroldegian abenduan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide