“Gurasoen inplikazioa funtsezkoa da umeen hizkuntza-arazoak bideratzeko”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko ots. 5a, 07:00

Laudion du kontsulta Eba Alonso Larrazabalek. / Aiaraldea.eus

EBA ALONSO LARRAZABAL (Areta, 1965) Hitz Logopedia kontsultako arduraduna da. Urteak daramatza umeen hizkuntza-arazoak lantzen.

Pedagogian lizentziatu eta logopedia trebakuntza jaso zenuen. Zer dela eta erabaki zenuen alor horretan espezializatzea?
Pedagogia oso teorikoa iruditu zitzaidan. Behin karrera amaituta, pentsatu nuen interesgarria izango litzatekeela umeen arazoen gaineko diagnostikoak lantzea, horregatik erabaki nuen logopediara bideratzea. Nire garaian ez zegoen logopedia karrera gisa garatua. Ikasketak amaituta, urte asko igaro nituen klase partikularrak ematen. Kabinetea irekitzea erabaki nuen gero, eta horretan nabil gaur egun.

“Hitz egiteko arazoak konpontzean” datza logopedia jende askoren ustez. Hala da?
Jende askorentzat ondo ahoskatzean datza logopedia. Niretzat hori garrantzitsua da, baina ez da gauzarik inportanteena. Diskurtsoaren antolaketa da garrantzitsuena, nire ustez: esaldiak eta ideiak josten ikastea.

Ume zein nagusiekin egiten duzu lan. Zer ezberdintasun dago batzuen eta besteen artean?
Umeekin hizkuntza lantzen dut: fonemak ahoskatu, esaldiak landu... Nagusiei, aldiz, ahotsa zaintzen laguntzen diet batez ere. Iktusak pairatu dituzten pertsonekin ere egiten dut lan, hizkuntza erabiltzen berrirakasten. Paziente helduak Osakidetzatik datoz normalean, bertako medikuek bideratuta.

Zer egin beharko lukete bere seme-alabek hizkuntzarekin arazoa duela uste duten gurasoek?
Gurasoak oso onak dira: seme-alabari zerbait gertatzen dela esaten dutenean hala delako izaten da normalean. Logopediako kontsultan umearen diagnostikoa egiten dugu lehenbizi. Haurra bakarrik dagoela egiten dugu batzuetan, baina beste batzuetan bi ume elkarrekin jartzen ditugu, euren artean nola komunikatzen diren ikusteko.

Haurrak txikiak badira -bizpahiru urtekoak- gurasoekin egiten dugu lan gehiena. Astean behin geratzen gara eta hainbat jarraibide ematen dizkiegu. Umeak ere bertaratzen dira, baina denbora gehiena jolasten igarotzen dute. Aita-amek koaderno bat dute eta hor idazten dituzte planteatzen dizkiegun ariketak, etxean garatzeko.

 

"Goizeko lehen ordutik egon behar gara seme-alabekin hitz egiten, hitz egiteko ohiturarik ez dagoen uneetan ere -ohetik altxatzerakoan, dutxatzean...-; modu horretan barneratuko duelako hiztegia"

 

Gurasoen inplikazioa funtsezkoa da, beraz.
Noski, eurek egin behar dute lana. Konparaketak txarrak dira, baina gurasoak beti daude adin bereko umeak elkarren artean alderatzen. Orduan sortzen dira haurren hitz egiteko gaitasunaren inguruko kezkak. Pediatrara doazenean honek esaten die lasai egoteko, baina kezkak hor jarraitzen du. Horregatik da beharrezko kontsultatzea, zalantza guztiak argitzea eta, arazorik egotekotan, lantzea.

Nola? Umearekin hitz egiten. Goizeko lehen ordutik egon behar gara seme-alabekin hitz egiten, hitz egiteko ohiturarik ez dagoen uneetan ere -ohetik altxatzerakoan, dutxatzean...-; modu horretan barneratuko duelako hiztegia. Konpromiso eta lan handia eskatzen du horrek, baina izugarriak dira modu horretan lortzen diren aurrerapausoak.

Horretarako denborarik ez dutela esango dute askok...
Ez da beharrezkoa egun osoa haurrarekin pasatzea. Berarekin zauden une horiek baliatzean dago gakoa. Dutxako tartea, adibidez, oso baliagarria da hizkuntza lantzeko. Lan egiteko eta jolasteko tarteak bereizten irakatsi behar zaio umeari. Behin hori ikasita, oso ondo jarduten dira. Kasu batzuetan arazoak modu horretan bideratzen dira. Hala ere, badaude hizkuntzarekin problema handiagoak dituztenak ere -Hizkuntz Trastorno Zehatza dutenak kasu-. Euren kasuan lanketa jarraituagoa egiten dugu, kontsultan, etxean eta eskolan. Kasu batzuetan ikastetxeko metodologia aldatu behar izaten dugu: testu laburragoak planteatu, hitz klabeak azpimarratu...

 

"Umeek ez dute aspertzeko astirik, eta oso garrantzitsua da aspertzen ikastea"

 

Umearen ama-hizkuntzak eraginik al du?
Beti egiten didate galdera hori: printzipioz ez du eraginik. Ama hizkuntza gaztelera bada lengoaia horretan hasten dut prozesua, komunikatzeko tresna izateko. Baina umea hitz egiteko gai denean euskarara pasatzen naiz.

Eta horrek ez du prozesua oztopatzen?
Ez, umeak jada ikasi duelako bere ama hizkuntzan gutxiengo diskurtsoa garatzen. Hitz egiteko arazo asko dituzten 2-3 urteko umeak izaten ditut kontsultan, gaztelera dute ama hizkuntza,baina egun euskaraz hitz egiten dugu eta ez dute inolako arazorik izan. Trabak ez dira handitzen hizkuntza batetik bestera salto egitean. Oztoporik handiena da hitzen esanahia ez ulertzea.

Geroz eta komunikazio gutxiago dago umeen eta gurasoen artean?
Bai. Ez dakit zergatik, baliteke jendartearen antolaketa moduagatik izatea. Gurasoak seme-alabez arduratzen dira baina beharbada umeekin gehiago komunikatu beharko lirateke. Umeenganako exijentzia maila oso altua da, presio asko jartzen da euren gainean, klasetik partikularrera edo eskolaz kanpoko ekintza batera eramaten dituzte zuzenean; arratsaldeko zortzietan etxera, afaldu eta ohera. Ez dute aspertzeko astirik, eta oso garrantzitsua da aspertzen ikastea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide