Brasilgoa zara jatorriz. Nola heldu zinen Laudiora?
Rio de Janeiron jaio nintzen ni. 2004an joan nintzen Brasiletik. Hara eta hona ibili nintzen Euskal Herrira heldu aurretik. Galizian izan nintzen hasieran eta bertatik Kantabriara mugitu nintzen, bertan ezagutu nuen nire senarra.
Duela zazpi urte heldu nintzen Laudiora. Hasieran etxeak garbitzen egiten nuen lan. Tren geltokiko taberna kudeatzeko aukera sortu zitzaidan eta ordutik hemen nago, oso pozik nago aldaketarekin.
Alde handia dago Euskal Herriaren eta Brasilen artean?
Badago bai! Agerikoena klima, Brasil askoz epelago eta atseginagoa da.
Bestetik, eta niri gehien harritu nauena, jendearen izaera da. Brasildarrak askoz alaiagoak dira. Ez hori bakarrik, humanoagoak ere badira bertan, gehiago kezkatzen dira ingurukoez. Bizitza komunitario garatuago bat dago bertan.
Oso gizarte indibidualistarekin topatu naiz hemen, bakoitza bere burbuilan bizi da eta ez dio axola ondokoari zer gertatzen zaion. Leku batetik bestera presaz eta korrika dabil jendea, ez du bere burua edota ingurukoena zaintzeko astirik hartzen.
"Oso gizarte indibidualistarekin topatu naiz hemen, bakoitza bere burbuilan bizi da"
Zuretzat pertsonalki ere jauzia handia izango zen.
Egia esanda, lagunek beti esaten didate ni ez naizela brasildar arrunt bat: ez zait samba gustatzen, ezta jai-giroan kalera ateratzea. Zentzu horretan ez dut kulturalki alde handirik nabaritu nire azalean. Arreta deitu didate herriko jaiek, eta gogoak ditut nire semea festetako jantziaz janzteko.
Gastronomikoki bai bizi izan dudala jauzi izugarria. Faltan botatzen ditut Brasileko jaki tipiko asko. Hemengo jaki askorekin ere izan dut borroka.
Oroitzen naiz hona lehendabizikoz heldu nintzenean patata tortilla ez nuela batere gogoko, arrautza gordinak nazka ematen zidan. Orain kafetegian lan egiten dudala egunero prestatzen ditut tortillak eta ikaragarri gustatzen zaizkit.
Nolakoa da barra baten atzean lan egitea?
Egia da jardun publiko bat izanik kritikak jasotzea oso ohikoa dela. Jendeak pila bat kritikatzen du, orokorrean, gauza eta ekintza guztiak epaitzen dituzte hemen. Nik pertsonalki oso pozik lan egiten dut tabernan. Lana eskuratu arte ez nuen inoiz taberna batean lan egin eta egun erraztasun osoz moldatzen naiz.
"Arreta deitu didate herriko jaiek, eta gogoak ditut nire semea festetako jantziaz janzteko"
Tren geltokiko kafetegia izanik bezeroak nahiko fidelak dira, egunero dator jende konkretu bat eta oso harreman polita egin dut jendearekin, baita tren-geltokiko gainontzeko langileekin ere.
Nola irudikatzen duzu zure etorkizuna? Brasilera itzultzea aurreikusten duzu?
Ez dut horren inguruan asko pentsatu. Oso pozik nago kafetegian lanean. Ez dut inondik ere Brasilera bueltatzeko asmorik, jada ez nau ezerk lotzen bertara. Brasilen geratzen zaidan bakarra gaztaroko oroitzapenak dira.
Familia bertan banu planteatuko nuke, ezagun asko itzultzen dira sorterrira, baina nik familia Euskal Herrian daukat: seme-alabak, bikotekidea... Senarra Kantabriakoa izanik aukerak ditugu inoiz bertara itzultzeko, nork daki.