Iraultza kurduaren ibilaldia

Aitor Aspuru Saez 2018ko ots. 18a, 15:48
Kurdistango Iraultzaren aldeko II. Nazioarteko Ibilaldia Genevatik igarotzen, joan den ostegunean. / Aitor Aspuru

Kurdistan Askatzeko Mugimenduaren nazioarteko martxa amaitu zen Estrasburgon atzo. Aurten, ohiko aldarrikapenei Afringo erasoaldiaren aurkakoa batu zaie.

Turkiak eta hainbat milizia islamistak Siriako Afrin kantonamendu kurdu autonomoa erasotzeari ekin ziotenean, egun gutxi falta ziren Kurdistango Iraultzaren aldeko II. Nazioarteko Ibilaldia hasteko. Printzipioz, mobilizazioak Abdullah Ocalan eta gainerako preso politiko kurduen askatasuna eta Kurdistanen aitorpen ofiziala eskatu behar zituen, baina, NATOko armadarik handienetan bigarrenaren inbasio militarrik krudelaren ondorioz, helburuak eta ibilbidea aldatu dituzte aurten: «Erasoa ez da bi indar militarren arteko talka, mundua ikusteko bi moduren arteko gatazka baizik», azaldu du Necibe Qeredaxi Kurdistango Komunitateen Koordinakundeko kideak.

«Alde batetik, Turkiak eta jihadistek patriarkatua islatzen dute, kapitalismoa eta estatu-nazioa. Bestetik, Rojavako Iraultzak demokrazia erradikala aldarrikatzen du, justizia, bizitza askea eta gizadiaren balioak», erantsi du emakumeak. «Iraultzaileen eta feministen aurkako eraso zuzena da, eta estatuen isiltasuna apurtu behar da». Horretarako, ibilaldiak manifestazioa egin zuen joan den ostegunean, Nazio Batuen Erakundearen Genevako egoitzaren aurrean (Suitza). Atzo, berriz, protesta jendetsua egin zuten Estrasburgon (Frantzia); han amaitu da, Giza Eskubideen Auzitegiaren aurrean, hilaren 8an Luxenburgon hasi zuten ibilbidea.

Marxismo-leninismoaren kritika egin ostean, eta Konfederalismo Demokratikoaren paradigma garatuta, kurduek ahalegin berezia egin dute ideologia horren oinarriak zabaltzeko, eta ibilaldia ez da salbuespena izan. Internazionalistek komunak sortu behar izan dituzte, taldeka lan egiteko hainbat identitateren artean —suediarrak, katalanak, italiarrak...—; izan ere, Kurdistanen etnia ugari bizi dira: kaldearrak, asiriarrak, arabiarrak... Egunero Tec Mil saioak egiteko beharra izan dute; hau da, kritika eta autokritika komunetan jorratu behar dira, eta gero iradokizunak antolakuntzari jakinarazi.

Horrez gain, mintegiak antolatu dituzte gauero: nazioarteko ordezkaritzek euren herrien egoera azaltzeko, Kolonbiako bake prozesua ezagutzeko, edota Jineology-ren —kurduek sortutako emakumezkoen zientziaren— filosofia argitzeko. Bestalde, autodefentsarako taldeetan bezala (YPJ Emakumeen Babes Unitateetan, esaterako), emakumeen eremu ez mistoak ahalbidetu dituzte.

«Ikastera etorri gara»
Rojavako iraultzaren zirrara nabaria da internazionalisten artean —Kurdistan mendebaldea da Rojava, Siria barnekoa—. Hasteko, aniztasuna handia da: badaude hamaika herritako anarkistak, komunistak, feministak, independentistak, indigenak, ekologistak... Guztiek ezagutu nahi dituzte mugimendu kurduaren nondik norakoak. «Ikastera etorri gara», argitu du Truls Hoeylanel norvegiarrak. Osloko ekintzaileak Motmakt erakunde sozialista libertarioan parte hartzen du, eta, besteek bezala, aukera ugari izan du ikasteko asmoak betetzeko.

Kurduen idiosinkrasia, nola ez, oso presente egon da ibilbidean. Ez soilik emakumezkoak lehen lerroan daudelako, edo edonon ikusgai egon direlako Ocalanen eta YPG Herriaren Babes Unitateak eta YPJ autodefentsarako taldeen ikurrak; izan ere, etenaldia egin den bakoitzean, adin guztietako kurduek eskuak lotu eta dantzatzeari ekin diote: pausu bat aurrera, beste bat atzera, eskuinera mugitu... Taldeak sortu dira edonon, eta ez dira gelditu musika isildu arte. Internazionalista askok bat egin dute dantzekin, besteek harriduraz ikuskizunari so egon diren bitartean; ulertzen zaila egin zaie hain alaia izatea etengabe bortizkeriaren, gerraren eta errepresioaren jomugan dagoen herri bat.

Baina Kurdistango alderdi onak ez ezik, txarrak ere islatu dira. Otomandarren artean kurdofobia eta ultranazionalismoa hauspotu dituzte Turkiako armadak jasan dituen galerek eta Afrinen aurkako erasoak. Aintzat hartuta milioika turkiar daudela Europan, ibilaldia segurtasun neurri zorrotzak hartzera behartuta egon da. Iazko aurrekariak oso presente daude: gau batean, internazionalistak erabiltzen ari ziren kiroldegi bat erretzen saiatu ziren 50 turkiar. Edonola ere, beste 200 kurdu agertu ziren han, eta, liskarra izan ostean, erasotzaileak bota zituzten. «Iaz pare bat buru apurtu behar izan genituen, baina ez zuten kide internazionalista bat ere ukitu», adierazi du lasai eta harro Adnanek, segurtasun zerbitzuko gazteak.

Hori dela medio, ez dituzte aurretik jakinarazi ibilaldiak igaro behar zituen herriak, zaintza txandak egin dituzte eta Suitzan Gerra Hotzaren garaiko bunker publikoak erabili dituzte lo egiteko. Halaber, iaz bezala, segurtasun taldeak egon dira, probokazioei eta erasoei erantzuteko.

Herrien arteko samurtasuna
Elkartasuna bi norabideko trukea bada, aurpegi polit bat dauka, eta beste bat iluna. Alde batetik, internazionalistak maiz miretsita gelditu dira, kurduen adeitasuna eta prestutasuna ikusita. Gerra lazgarriaren erdian, ez zaie irribarrerik edo gertutasunik falta, hurbiletik zein urrunetik. Ibilaldia hasi eta gutxira, YPGk ohar bat zabaldu zuen, internazionalisten ahalegina eskertzeko; hori, Turkiako tankeak eta helikopteroak suntsitzen eta dozenaka borrokalari galtzen zituzten bitartean.

Ordainean, boluntario ugarik bat egin dute Rojavarekin. Adibide bat euskal ordezkaritzan dago, kide baten semeak han baitaude: bat duela urte eta erditik dago han, eta bestea asteon joan da Afrinera, erizain aritzera bonbardaketaren eta borroken erdian.

Artikulu hau Berria.eus atarian plazaratu dute eta creative commons lizentzia erabilita ekarri dugu hona. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide