Virgen del Carmen eta Nerbioi kaleak “egoera negargarrian” daudela salatu du EAJk

Erredakzioa 2018ko ots. 21a, 13:30

Euriteek hainbat putzu sortu dituztela salatu dute jeltzaleek. / Aiaraldea.eus

Euriteek ur-puztuak sortu dituztela kritikatu dute. Jeltzaleek arabera, bide horiek iaztik egon beharko lirateke konponduta. EH Bilduk adierazi du obrak udaberrian egingo direla.

Prentsa oharra plazaratu du Laudioko EAJk Virgen del Carmen eta Nerbioi kaleen egoera dela eta. Jeltzaleek azaldu dutenez, Zumalakarregi etorbidearekin batera errepide horrek osatzen du herriko “zirkulazio-ardatz garrantzitsuena”. Bi bideen egoerari erreparatuta hodnatuta daudela nabarmendu dute, eta horrek hainbat kalte eragiten dituela autoen gurpil eta moteltze-sistemetan.

Azken egunetako euriteek sortutako ur-putzuak ere aipatu dituzte: “Autoak igarotzen direnean ura barreiatzen dute oinezkoen artean”. 

Jeltzaleek azaldu dute bi bide horiek konpontzea eskatu ziotela EH Bilduren gobernuari, 2017ko udal-aurrekontuen akordioaren barruan. Adierazi dutenez, hainbat bideren konponketa “aurrekontu-lote berean” sartzea proposatu zuten: 2016an Lamuza eta Ugarteko bideak konponduko lirateke eta 2017an Virgen del Carmen eta Nerbioi karrikak.

Horregatik, udal-gobernuari akordioa ez betetzea leporatu diote: “Auzokideen benetako beharrei bizkarra eman diete. Laudio dekadentzia batean murgildua dago, udal-gobernuaren axolagabekeriarekin”.

EH Bilduren erantzuna
EH Bildu jakinarazi du udaberrian hasiko direla bide horiek konpontzeko obrak. "EAJk badaki hori", azaldu Jon Ander Altube zinegotziak, "baina jakin badakigu hori izango dela jeltzaleek udal-hauteskundeetara arte erabiliko duten teknika: prentsa oharren bidez udal-gobernuaren jarduna higatzen saiatzea".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide