"Herrian sakon errotutako ekimena da Mugagabe Trail Lasterketa"

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko ots. 22a, 07:00
Ivan de la Cruz burubelarri dabil Mugagabe Trail Lasterketaren antolaketan. / Aiaraldea.eus

IVAN DE LA CRUZ (Laudio, 1983) kirolzale amorratua da. Duela lau urte Mugagabe Trail Lasterketa antolatzeko abenturari ekin zion. Egun, erreferente bilakatu da martxoaren 3an bere laugarren edizioa ospatuko duen trail lasterketa.

Nola sortu zen Mugagabe Trail Lasterketa?

Ni betidanik izan naiz oso pertsona aktibo eta ameslaria. Zerbait buruan sartzen zaidanean buru-belarri jartzen naiz hori lortze aldera. Duela bost urte inguru lagunekin menditik korrika, beti komentatzen genion elkarri zeinen txoko ederrak genituen gure mendietan. Lasterketa bat antolatzeko ideia buruan sartu zitzaidan orduan.

Nire bikotekideari komentatu nionean nire beste erokeria bat baino ez zela esan zidan. Baina segituan jarri ginen bion artean zorakeria horri forma ematen, berak jarri zion “Mugagabe” izena lasterketari.

Nolakoak izan ziren lasterketaren hastapen horiek?

Nekezak izan ziren bai, zalantzarik gabe. Gogoan dut udaletxean lasterketa bat nire kabuz antolatu nahi nuela esan nuenean arraro begiratu nindutela, ez zegoen inolako klub edo elkarterik horren atzetik, ni baino ez, eta trail lasterketa bat antolatzeko gogo izugarriak.

Lan handia ekarri zidan, baimen asko eskatu behar izan nituen. Jendea ohartzen ez den arren, sukalde lan asko dago lasterketa baten atzean.

Jendea kontziente da lasterketa bat antolatzeak dakarren lanaz?

Orokorrean ez, edo antolakuntzaren ehuneko oso txiki batez ohartzen da. Nirekin batera boluntario ugari aritzen dira eta haien lana ezinbestekoa da. Baimen piloa eskatu behar dira Arabako Foru Aldundian zein udalean, ibilbidea atondu eta markatu, horniketa postuak antolatu, anbulantziak lotu... Aurten 50 bat lagun arituko gara dena ondo ateratzeko lanean.

 

"Jendea ohartzen ez den arren, sukalde lan asko dago lasterketa baten atzean"

 

Ibilbideari buruz zer esan dezakezu?

Azken urtetako ibilbide berdina izango da aurtengoa ere, nire ustez Euskal Herrian dagoen politenetarikoa. Goikogane eta Kamaraka bitarteko bistak zein Ganekogorta eta Galarraga bitartekoak ikusgarriak dira. Badira ere ederrak bezain gogorrak diren maldak. Gure mendiei balioa ematea ere bada lasterketaren helburu nagusienetariko bat.

Parte-hartzaileentzat aholku bat: gorde indarrak Galarragatik behera egiteko, gogorrena pasa dela dirudien arren, kilometro asko daude oraindik helmugara heltzeko.

Aurtengoa 4. edizioa izango da, nolakoa izan da lasterketaren garapena?

Hazi eta hazi egin den lasterketa da Mugagabe Lasterketa. Urtez urte geroz eta jende gehiagok ematen du izena bertan. Lehenengo edizioan 130 lagunek parte hartu zuten antolatu genituen bi lasterketan, aurten aise gaindituko ditugu 400 dortsalak. Emakumeen presentziak ere nabarmen egin du gora lasterkarien artean.

Lasterketa bera ere asko aldatu da. Lehenengo edizioa uztailean antolatu genuen. Luzerari dagokionez, 40 eta 25 kilometro zituzten lasterketek: mendi maratoi bat eta maratoi-erdi bat. Egundoko sargoria egin zuen egun hartan, ikaragarria izan zen beroa. Ondo atera bazen ere planteamendua guztiz aldatzea erabaki nuen, han eta hemen lagun eta parte-hartzaileek ematen zizkidaten aholkuei jarraituta.

 

"Azken urtetako ibilbide berdina izango da aurtengoa ere, nire ustez Euskal Herrian dagoen politenetarikoa"

 

Hurrengo edizioa martxora mugitu genuen. Lasterketen distantziak ere aldatu genituen: 29 eta 10 kilometro, maila guztientzat aproposak. Udan sargoria izan bagenuen, bigarren edizio hartan elurra eta hotza izan ziren protagonistak. Ibilbidea moldatu behar izan genuen elurrak gailurrak guztiz estali zituelako. Urteko goiz hotzena izan zen hura. Hipotermiaz jota bukatu genuen batzuk, ni barne. Eguraldi kaskarraren gainetik jendea oso pozik agertu zen lasterketa bukatzean, giroa ezin hobea izan zen eta klimak eman zion kutsu epiko hori guztion memorian geratu da oroitzapen positibo bezala.

Hirugarren edizioa bikain atera zen, eguraldia ere kontratatu genuela zirudien. Neurria hartuta genion lasterketari, ez zuen ezerk huts egin eta parte-hartzaile kopuruak ere gora egin zuen. Aurten iazko marka haustera goaz.

 

"Aurten iazko marka haustera goaz, aise gaindituko ditugu 400 dortsalak"

 

Zer lortu du Mugagabe lasterketak?

Mugagabe lasterketak herrian sakon errotzea lortu du, jendeak bere sentitzen du. Hori oso positiboa da, hori baita Mugagabe Lasterketaren helburua: lasterketa herrikoi eta parte-hartzailea izatea. Jendeak gogotsu hartzen du ekimena eta herriko egutegian finkatuta dago dagoeneko.

Runediak Euskadiko lasterketa onena bezala izendatu gaitu eta Euskadiko Txapelketaren parte izateko eskaini digute ere. Ohorea da zalantzarik gabe, baina momentuz herrian errotzen jarraitzea da Mugagaberen helburua, lasterketaren filosofia herrikoi eta parte-hartzailea zabaldu eta hedatzea.

Nola ikusten duzu traila eskualdean?

Oso lan polita egin da eta egiten ari da. Amurrioko Trail Lasterketa oso ondo ari da, Euskadiko Txapelketaren parte da eta maila altua dago bertan. Urduñan ere gogotsu ari dira lasterketak antolatzen dabiltzan gazteak, iaz Mendi Maratoia antolatu zuten eta bikain atera zen.

 

"Runediak Euskadiko lasterketa onena bezala izendatu gaitu eta Euskadiko Txapelketaren parte izateko eskaini digute ere. Baina momentuz herrian errotzen jarraitzea da helburua"

 

Eskualdeko argazkitik harago, nik uste hemendik bost urtetara edo, lasterketa asko desagertuko direla. Geroz eta traba gehiago daude hauek antolatzeko. Ilusioa ere ezinbesteko osagaia da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide