Aurten ere, euskara ikasteko bekak eskainiko ditu Laudioko Udalak. “Bi lote” egongo dira, Amets Meaza zinegotziak aurreratu duenez. “Loteetako bat urrian hasi eta ekainean amaitzen diren ikastaroentzako izango da eta bestea udan egiten diren ikastaro intentsiboetarako”. 50.000 euro baliatuko dituzte lehenengorako eta 6.500 bigarrenerako. Hortaz gain, 500 euroko diru-partida bat erreserbatu dute, balizko erreklamazioei erantzuteko.
Laudioar guztiek eman ahalko dute izena diru-laguntza deialdian, hainbat baldintza beteta. Langabetuei matrikularen % 100 finantzatuko zaie. Gainontzekoei, aldiz, erdia.
5.406 opari euskara sustatzeko
“Euskara sari ziurra” kanpainaren edizioa berria jarriko dute baita ere abian. 75 establezimenduk hartuko dute parte, martxoaren 8tik 20ra. “10.425 boleto banatuko dira euskaraz hitz egiten duten pertsonen artean”, azaldu du Meazak. Txartelen erdiak baino gehiagok -5.406- opari zuzenak izango ditu. Gainontzeko txartelek zozketa baterako zenbakia izango dute. Dolumin Barikuan -martxoak 23- egingo da zozketa hori, 11:30ean Herriko Plazan. Opariak jasotzeko, aldiz, apirilaren 23ra arte egongo da epea.