Nola erabaki zenuen jarduera horretan aritzea?
Nik metroan lan egiten nuen geltokietan, eta barne promozioa egin zutenean, erabaki nuen parte hartzea. Interesgarria iruditu zitzaidan eta izena eman nuen deialdian. 5 astez trebatu nintzen; 2 astez arlo elektronikoan eta mekanikoan eta 3 astez trena gidatzen.
Zein zailtasun topatu dituzu zure ibilbidean?
Nik topatu dudan zailtasun handiena da turismoa ikasi nuela eta humanitateek ez dutela zerikusik metro gidaria izateko beharrezkoak diren jakintza teknikoekin. Trena nola funtzionatzen duen menperatu behar duzu eta matxurak gertatuz gero, makinek esaten dizutena ulertu, nolabait esateko. Baina enpresak horretarako trebatzen gaitu, berez, metro bakoitzak berezko funtzionamendua dauka, ez dago sistema unibertsalik.
"Duela 5 urte eta erdi 12 gidari emakumezko zeuden, orain 30 inguru gara"
Bestalde, nik duela 5 urte eta erdi egiten ditut gidari lanak eta hasi nintzenean 12 gidari emakumezko zeuden, orain 30 inguru gara. 180 gidari daude Bilboko Metroan eta urtero emakume gehiago batzen dira.
Gainera, aintzat hartu behar da hasierako gidariak Euskotrenen aritukoak zirela eta garai horretan gehiengo osoa gizonek osatzen zutela. Gizon nagusiak dira, baina ohitu dira eta arrunta egin zaie emakumeekin lan egitea.
Egia da, hasieran, bidaiariak harritzen zirela ikustean emakume batek metroa gidatzen zuela. Edonola ere, uste dut ohikoa bilakatu dela orain emakumezkoek lan horiek betetzea.
Zein da zure lanaren alderik pozgarriena?
Lana beti da lana, hortaz, ez dakit pozgarria hitza egokiena den. Ardura asko ditugu. Hori bai, nire laneko alderik interesgarriena da erakustea emakumeok gizonezkotzat jotzen den lan hori egin dezakegula arazorik gabe.
"Emakumeok gizonezkotzat jotzen diren lanak egin ditzakegu arazorik gabe"
Gainera, lanpostu horiek barne promozioaren bitartez sustatzen direnez, eta metroan -geltokietan, bereziki- emakumezko ugari egiten dutenez lan, uste dut gero eta gehiago izango garela.
Aipatu duzu ardura handiko lanpostua dela zurea.
Bai, azken finean, gizakiak garraiatzen ditugu. Arretaz gidatu behar dugu, etengabe. Bideari erreparatu eta geltokietan oso adi egon behar duzu, istripuak ekiditeko.
Adibidez, Bilboko Aste Nagusian, Santo Tomas egunean edota Athleticek jokatzen duenean, jendetza elkartzen denez, geltokiak gainezka daude.
Harrapaketak dira zure lanaren alderik okerrena?
Bai, nik zorionez ez dut horrelako arazorik izan. Enpresak prestatzen gaitu egoera horiei aurre egiteko eta protokoloak ditugu jarraitzeko, baina badago jendea bere burua trenbidetara botatzen duena.
Halakorik gertatzekotan, gero horrekin bizi behar zara eta psikologoen laguntza jaso. Dena den, edozein ezbehar gerta liteke bidaian, eta beti bidera begira egon behar gara.
Nolakoa da zure lanaldia?
Astelehenik igandera egiten dugu lan, jaiegunak barne. Astean zehar bi txanda ditugu; egunez eta arratsaldez.
Asteburuetan gauez ere lan egin beharra dago, baina orokorrean ez dugu urtero 8-10 gau baino gehiagorik egiten. Eta asteburuak hirutik bat libratzen dugu gutxi gorabehera.
Gehienez 9 orduko lanaldiak betetzen ditugu, eta ez ditugu ordu guztiak gidatzen ematen. Adibidez, ordu erdiz lan egiten dugu eta 20 minutuko atsedena hartu, ondoren, beste pare bat ordu eta atsedena...
Zer da ezinbestekoa tren gidaria izateko?
Oso lan bakartia da. Bakarrik ematen duzu lanaldia eta arreta handia jarri behar den arren, pentsatzeko denbora asko duzu.
"Oso lan bakartia da eta burua ondo izatea berebizikoa da"
Hortaz, berebizikoa da burua ondo izatea. Bestela ordu gehiegi egon zaitezke arazoei buruz hausnartzen eta horrek eragina izan dezake zure lanean.
Kalkulatu duzu zenbat kilometro egin dituzun eta zenbat pertsona garraiatu?
Ezinezkoa. Egunero 180 kilometro egiten ditut eta tren bakoitzak 550tik 700ra lagun eraman ditzake gehienez jota.