Laster hasiko da Laudioko Udalaren "Txertatu Merkatuan" programaren edizio berria, eta ekainaren 30ean bukatuko da. Ekimena 16 urtetik 30 urtera bitarteko jendeari bideratuta dago. Berez, izena ematen dutenek trebakuntza maila apala izan behar dute, ikasketak uzteagatik, besteak beste.
Faseka
2 fase izango ditu programak. Lehena "Egokitu" deitu dute eta kide bakoitzak dituen jakintzen araberako lan profila sortzean datza.
Bigarrenak, ordea, "Trebatu" izena jaso du eta trebakuntza tailerra izango da. Lokal eta egoitzen garbiketa homologatua nola egiten den irakatsiko dute. Horrez gain, praktikak egiteko aukera emango dute.
Izena emateko Garapen Agentziara jo beharra dago.
Ekintzailetza
Bestalde, Laudioko Udalak zabaldu ditu Garapen Agentziak egiten dituen esku-hartzeak ekintzaileei dagokienez.
2017an 79 kontsulta egin zituzten, 2016an baino %18 gehiago. Horietatik 40 ziren zerbitzu enpresak, 18 merkatariak eta 6 ostalariak.
Proiektu bakoitzeko inbertsioen batezbestekoa 13.000 eurokoa izan da eta 1,25 lanpostu sortu dituzte. Oro har, ekintzaile gehienek -62- aholkuak eskatu dituzte enpresak sortzeko , beste batzuek -15- laguntzak enpresak sortzeko eta gutxi batzuek -2k, alegia- finantzazio iturriei buruz galdetu dute.
Horrez gain, 8 proiektu tutorizatu dituzte. Ekintzaile gehienak emakumeak izan dira, langabetuak eta 30 eta 45 urte bitartekoak.