“Txipa aldatu behar dute GKEk, kolonialismo berria bihurtu ez daitezen”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko mar. 12a, 07:46
Urtebete egon da Davide del Rio Carrero Ghanan bizitzen.

DAVID DEL RIO CARRERO (Laudio, 1991) urtebete egon da Ghanan Espainiako Enbaxadan lan egiten. Bertan izandako bizipenen inguruan mintzatu da. 

Urtebete eman zenuen Ghanan. Nolatan?

Eusko Jaurlaritzak urtero antolatzen duen BEINT programarekin joan nintzen Ghanara. Azterketak pasa eta zorte izugarria izanda esango nuke nik, ez nuelako espero eta Ghanari buruz gutxi nekielako, baina atzera begiratuta emaitza ezin hobea izan dela esan dezaket.

Oso ezberdina da bertako eta hemengo bizimodua? Zertan?

Jendeak uste du Afrika ezberdina dela pobreziagatik edo baliabide faltagatik. Baina gehien harritzen zaituena guztiz ezberdina den kultura bat ikustea da, zurearekin zerikusirik ez duena. Oinarrizko aldaketa bat da, askoz harago doana. Alaitasuna, bizitzeko modua, baloratzen dena eta baloratzen ez dena...planetako lurralde abegikorrena izan daiteke, beti dago norbait zu laguntzeko prest. Behin jeep batean gindoazen eta arean harrapatuta geratu ginen. Herri erdia atera zen gu palekin ateratzera.

Zer da gehien harritu zintuena?  

Mundua zein ezberdin eta handia den ikustea. Bizitzeko mila modu daude. Batzuetan Mendebaldean bizi garenak munduaren zilborra garela uste dugu, gu baino ez garela existitzen eta gainontzekoek dena gaizki egiten dutela. Afrikak frogatzen dizu hori ez dela egia, mila kultura eta bizimodu daudela, zurea bezainbeste edo gehiago balio dutenak.

Espainiako Enbaxadan egin zenuen lan. Zertan zetzan zure lana?

Zehazki bulego ekonomiko-komertzialean lan egin nuen, enbaxadan txertatua dagoen erakunde batean, baina era independente batean funtzionatzen duena. Nire lana nagusiki hemengo enpresei laguntza eskaintzea zen, enpresa ertain eta txikiei batez ere. Han egoteko baliabideak ez dituztenez gure ezagutza oso baliagarria suertatzen zaie.

Afrika kontinente pobrea dela esan ohi da.

Txirotasuna edonon ikusi dezakezu. Semaforo guztiak umez beteak daude, saltzen edo eskean dabiltzala. Accra -hiriburua- txabola-auzoz beteta dago, eta ez du estolderiarik.

Pobrezia zoazen tokira zoazela nabari dezakezu, baina min gehiago egiten du ezberdintasun horiek zure azalean sentitzen dituzunean. Zuriok eta klase ertain-altuek baino ez ditugu erosketak supermerkatuetan egiten. Asko pentsarazten dizu zure eguneroko erosketan beste baten hilabete bateko soldata baino gehiago gastatzeak.

Zer egin beharko litzateke horri buelta emateko? 

Ez dago erantzun errazik. Gehiago entzun beharko genituzke garapen bidean dauden herrialdeak. Dambisa Moyo ekonomialariak dioen moduan, ez da nahikoa herrialde horiek jendez eta diruz betetzea, euren bide propioa hautatzen utzi behar zaie, oztopoak jarri gabe.

Oxfam erakundearen eskandaluak erdigunean jarri du Gobernuz Kanpoko Erakundeek garapen bidean dauden herrialdeetan egiten duten lana. Aipatu duzun kritika aplikagarria da eragile horientzat?
Noski, garapenerako laguntzaren mendebaldeko paradigma osoari, eta baita urtero boluntario gisa bertaratzen diren gazteei ere. Gauza on asko egiten dira, baina txipa aldatu beharra dago, bestela kolonialismo berri bat izatera mugatzen direlako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide