"Gobernu taldeak oposizioko taldeek aurkeztutako 7 mozioren aurka bozkatu zuen azken udalbatzan", salatu dute jeltzaleek prentsa ohar bidez. Otsaileko bilkurara laudioarren ongizatea hobetzeko proiektuak eraman zituztela argudiatu dute, gobernu taldeari "sistematikoki ezezkoa ematea" leporatuz.
7 mozioren ukapena
Eztabaidagaien artean zeuden Fleming kaleko jubilatuen lokaleko gabeziei erantzuteko azterketa, genero indarkeria detektatzeko aplikazio informatikoa jartzea, 80 urtetik gorakoak etxeko suteetan laguntzeko zerbitzua, euskarazko itzulpena eskaintzea osoko bilkuretan, hirigintzan genero ikuspegia txertatzeko araudia aktibatzea edota hainbat zebrabideetako argiztapena aztertzea.
EAJk EH Bilduk kontra bozkatu izana ez du begi onez ikusi: "Ez dute ezer egiten, ez eta egiten uzten. Zazpi mozio horien aurka bozkatzeak EH BIlduren errespetu falta adierazten dute, ez oposizioarekiko bakarrik, ordezkatzen dtuen jendartearekiko ere bai".
EH Bilduren erantzuna
Jon Ander Altube EH Bilduko bozeramaileak lotsagarritzat jo du EAJren jarrera. "Ezetz sistematikoan kokatu garela diote, baina beraiena da jarrera hori. Zergatik egiten du estela EH Bilduren kudeaketaren aurka? EH Bilduren aurka soilik ematen dute baiezkoa". EH Bilduren esanetan, euren proposamen guztiei "ezezkoa" eman diete jeltzaleek. Euskararen auzia jarri du adibidetzat: "Ez dakite zeren alde bozkatu duten. Euskararen normalkuntza ahalik eta gehien erabiltzean datza. Udalbatza erderaz egiten ez da euskalduntzen. Zergatik EAJk nahi du norbaitek haiek euskaratzea? EAJn gehienak gu bezain euskaldunak dira, eta uko egin diote euskaraz aritzeari; guk bezala dakite euskaraz, egin dezatela". Gainontzeko aferei dagokienean, Altubek gaineratu du "EAJri kontra egiteko denak balio diola".