"Pentsatu genuen Munduko Txapelketan ez parte hartzea, eta azkenean urrezko bi domina ekarri ditugu"

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko mar. 15a, 07:00

Bi urrezko domina ekarri ditu Euskal Herrira Olga Artiñanok Txinako Munduko Txapelketatik. / Aiaraldea.eus

OLGA ARTIÑANO CUESTA (Laudio, 1968) Laukizeko Gaztedi sokatira taldeko kidea da. Munduko Sokatira Txapelketan aritu da Txinan eta bi urrezko domina ekarri ditu etxera. Atseden egun bakarra izan du entrenamendu saioekin berriz hasi aurretik.

Munduko Txapelketan parte hartu berri duzue, nolakoa izan da harainoko bidea?

Euskal Herriko goma-gaineko sokatira txapelketan bigarren postua eskuratu genuen, txapelketak ez zizkigun oso sentsazio onak utzi eta zalantza asko sortu zizkigun Munduko Txapelketako gure parte-hartzearen inguruan.

 

"Munduko Txapelketara ez joatea pentsatu genuen hasieran"

 

Ez joatea pentsatu genuen hasieran, bidaia luzeegia eta garestiegia zen eta Euskal Herriko Txapelketaren gazi-gozoak ez gintuen gehiegi animatzen.

Azkenean, entrenatzaileak animatu gintuen eta Txinara joatea erabaki genuen. Gogor entrenatzen hasi ginen. Erabaki ezin hobea izan zen, eta emaitzek horrela erakusten dute.

Nolakoa izan da txapelketa?

Lau egunez luzatu da txapelketa. Txinan izateagatik nik uste Europako Klub askok ez joatea erabaki zutela, kostu handia baita bertaraino joatea.

 

"Makal hasi ginen, baina gora egin dugu uneoro txapelketan"

 

Ostegunean hasi ginen tiratzen, 520 kiloko kategorian, emakumezkoen pisu handienean. Nahiko makal hasi ginen, urduri, baina segituan hartu genion neurria txapelketari eta gora egin dugu uneoro.

Txinatarrak izan ziren aurkari konplikatuenak. Oso talde indartsuak aurkeztu ziren eta etxean aritzeak ere asko eragin zuen haien alde. Finala Holandaren aurka jokatu genuen eta hau ere oso gogorra izan zen.

Tamaina honetako txapelketa batean parte hartzeko, nola kudeatzen duzue sokatira eta bizitza pertsonal zein profesionala? 

Oso zaila izaten da, baina ez bakarrik Txinara joatea, sokatira praktikatzeak berak sakrifizio asko eskatzen ditu. Txinara edo bestelako toki batera joateko opor egunak eskatu behar izaten ditugu normalean. Nire kasuan, ni erizaina naiz eta lankideekin egiten ditut aldaketak.

Sokatirak sakrifizio handiak eskatzen ditu. Astean bost egunetan entrenatzen dugu gutxienez. Ama izanda zaila da moldatzea, beti ibiltzen naiz seme-alabak senideekin uzten gora eta behera.

Kirol sakrifikatua da beraz sokatira?

Bai, oso. Baina ez bakarrik ditugun entrenamendu ordu guztiengatik, sokatira bizitzeko modua da. Gauza asko utzi behar izaten ditugu atzean, gure pisua oso zorrotz mantendu behar dugu eta horrek sakrifizioa eskatzen du. Entrenamenduez gain lan asko dago gure kabuz egin beharrekoa.

 

"Txinatik itzuli eta egun bakarra izan dugu atsedena hartzeko"

 

Entrenamenduei dagokienez, lehen esan bezala astean bost aldiz entrenatzen dugu gutxienez. Bi orduko entrenamendu saioak izaten dira, geitu behar diozu horri Laukizeraino daukadan 40 minututako bidaia. Exijentzia altua da; Txinako Munduko Txapelketatik bueltan egun bakarra izan dugu atseden hartzeko eta bueltan gara berriz entrenamenduetara.

Nolakoa da sokatira Euskal Herritik kanpo?

Uste dugu sokatira bertoko kirol bat dela, baina oker gabiltza. Munduan herrialde askotan praktikatzen da eta oso maila altuarekin, gainera.

 

"Munduan herrialde askok praktikatzen dute sokatira"

 

Txinan, esaterako, oso errotutako kirola da; ikastetxeetan derrigorrezkoa da sokatira praktikatzea eta unibertsitateetan ere talde ugari dago.

Munduko Txapelketaren ostean zein da zuen hurrengo erronka?

Munduko Txapelketa igarota eta atseden hartu ostean, dominak gordeko ditugu eta zerotik hasiko gara gogor entrenatzen, burua iraileko Munduko Txapelketan dugula.

Irailean Hegoafrikara goaz, bertan lur-gaineko Munduko Txapelketa jokatuko da. Iaz nahiko ondo aritu ginen Suedian jokatu zen txapelketan, bigarren postua eskuratu genuen. Maila ona dauka taldeak kategoria honetan, aurten iazko emaitzak berdindu edo hobetzea besterik ez dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide