Laudioko Udalak diru-laguntzak aurkeztu ditu ostalari eta merkatariek errotulazioa euskaraz ipintzeko. Amets Meatza zinegotziak adierazi duenez, euskara planean jasoa dago ekintza: “Paisaia linguistikoa hobetzeko eta hizkuntzaren erabilera sustatzeko, komertzio eta enpresak estrategikoak dira, herritarrentzat eremu gertukoak direlako”.
Egoitza Laudion duten azpiegiturei bideratua dago eskaintza, eta baldintza bakarra euskara planean parte hartzea izango da. Meatzaren esanetan, errotulazioen gastuen %75 jasoko dute gehienez eskatzaileek. Muga ere zehaztu dute: “350€ eskuratu ahalko dituzte elementu bakoitzagatik”. Orotara, 2.000 euro baliatuko ditu tokiko erakundeak egitasmoan.