Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Gure barneko behar bati erantzuten dio proiektuak”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko mar. 21a, 09:16

Proiektu musikal berria jarri dute abian ANDREA ULLOA TELLEZ eta IGOR ARZUAGA GUMUZIOk. Hasi dira dagoeneko kontzertuak eskaintzen, eta laster argitaratuko dute lehen diskoa.

Elkarlanean sortutako proiektu artistikoa aurkeztu berri duzue, nondik dator ideia?

Andrea: Oso modu naturalean sortu zen proiektua. Igorren dendara bertaratu nintzen egun batean, elkarrizketan geundela, Igorrek EHUk antolatutako lehiaketa batera aurkeztea proposatu zidan. Mikel Laboaren omenez abesti bat egitea zen erronka. Oso gustura aritu ginen elkarlanean eta bertan sortutakoa gehiago garatu nahian hasi ginen proiektua sortzen.

Igor: Sare sozialek ere eragin handia izan dute guzti honen sorreran. Andrea sarritan pasatzen zen dendatik fotokopiak egitera eta nik bere bideoren bat ikusia neukan Instagramen. Zirrara eragin zidan eta elkarren artean zer edo zer egitea proposatzera bultzatu ninduen. Ikaragarria izan zen zeinen errez sortu genuen lehenengo abesti hura, bikain aritu ginen batera, musika talde errotu bat bezala. Hain ona izan zen lehen esperientzia hura abesti gehiago sortzea erabaki genuela.

Mikel Laboaren omenezko kanta batekin hasi zen dena, noraino heldu da proiektua?

Igor: Hamar abesti osatu ditugu dagoeneko. Oroitzen dut Une Latzak edo Exkixu taldeetan nengoenean kideren batek ideia bat ekartzen zuela estudiora eta guztion artean forma ematen geniola. Proiektu berri honetan garai haiek etorri zaizkit gogora, zerbait berria balitz bezala. Sorkuntza prozesu batean murgiltzen zarenean ez dakizu zer aterako den edo nola bukatuko den eta hori da benetan ederra dena. Nire nortasuna eta egiteko era ohikoak albo batera uzten saiatzen naiz abestiak berak izan dezan protagonismoa.

Andrea: Oso modu naturalean sortutako proiektua izan da, abesti bakar batetik hamar abesti eratu dira. Ideia berriak etengabe etortzen zitzaizkigun burura. Nik uste gure barneko behar bati erantzuten diola proiektuak.

Nolakoa izan da sorkuntza prozesua?

Andrea: Galdera zaila da. Gakoa bion artean lortu dugun konexioan dago. Nik abesti baten letra idatzi eta hau nola bukatu ez nekiela Igorrek bukaera borobiltzeko hitzak zituen, nik esan nahi nuen hori bikain islatzen zituztenak. Norberaren hitzak, abestiak zein doinuak bestearenak elkar elikatzea lortu dugu. Instrumentuekin ere erraz moldatu gara, Igor oso ondo maneiatzen da piano zein gitarrarekin, melodiaren bat atera ezinean aurkitu naizenean erraz konpondu gara.

Igorrek lehen aipatu du bera 90eko hamarkadako musikari belaunalditik datorrela. Zu, Andrea, aldiz, belaunaldi gazteago batetik zatoz; nola uztartzen dira bi estilo horiek?

Andrea: Nire ustez ez dira mundu horren ezberdinak. Ez nuke jakingo gure musika estiloa etiketatzen baina nik uste biontzako neurrira dagoen zerbait dela.

Igor: Nik uste Andrea eta biok elkarrekin esateko zerbait geneukala, ez gara alderdi politiko bat baina badaukagu zer kontatu. Gure arteko solasaldietan ateratakoa musika bidez azaldu dugu.

Zeresanaz ari zaretela, zer kontatzen dute zuen abestiek?

Andrea: Ez dugu gure bizitza abestietan kontatzen baina gure bizipenetan oinarritutako hitzak dira. Bizitakoa eta sentitutakoa azaltzen saiatzen gara.

Igor: Zaila da orokorrean sortu dugun hori azaltzen. Sorkuntza prozesuaren gaineko klase magistral bat eman genezake baina ez luke inork ezer ulertuko. Guk egin dugun gauza bakarra konpartitzea izan da: hitzak, akordeak, melodiak... guztia konpartitzea.

Diskoa argitaratuko duzue aurki, zer topatu dezakegu bertan?

Igor: Bi hilabete barru argitaratuko dugu diskoa. Oso minimalista da, elementu gutxirekin jantzi dugu esan beharreko guztia. Diskoan oso melodia eta letra zuzenak aurkitu daitezke, bonba hutsa diren hitzak. Espero dugu bertan kondentsatu dugun sentimendu guztia jendeak jasotzea.

Oraingoz kontzertu bakarra eskaini duzue, Aiaraldea Ekintzen Faktorian. Kontzertu gehiago aurreikusten dituzue epe laburrean?

Andrea: Diskoa atera bitartean baditugu kontzertu batzuk lotuta, diskoan aurkitu daitekeenaren aurrerapen txiki bat izango direnak. Oñatin, Arrasaten, Jimmy Jazz aretoan, Orbekon... izango dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide