Saydi Lubanzadio Aldama "Fama, a bailar" telebista saioko sentsazioa

Erredakzioa 2018ko mar. 16a, 10:17

21 urte ditu Saydi Lubanzadio Aldama laudioarrak.

Saydi Lubanzadio Aldama laudioarra Fama, a bailar Movistar+ telebista saioan parte hartzen ari da. Publikoaren artean harrera ona izan du eta Instagram sare sozialean jarraitzaile gehien duen lehiakidea da.

Bere amak, June Aldamak, adierazi du oso modu naturalean jokatzen ari dela telebistan eta etxean egongo balitz bezala portatzen dela. Bere ustez, hori izan da bere arrakastaren gakoa.

Saydi Lubanzadio Aldama dantzariaren partaidetza nabarmena izaten ari da Fama, a bailar saioan. Reality show horretan Igor Yebrak zuzentzen duen dantza akademian ikasten ari da 21 urteko gaztea. Bere irakasleak dira Iker Karrera, Ruth Prim, Raymond Naval, Carla Cervantes eta Sandra Egido.

Saioaren aurkezlea Paula Vazquez da eta 24 orduko zuzeneko emisioa hemen jarrai daiteke:

Ibilbide luzea telebistara heldu arte
Gaztea izan arren, Lubanzadiok esperientzia luzea pilatu du dantzaren munduan. Batxilergoa bukatu bezain laster, Suitzara jo zuen dantza ikastera, eta han hilabete batzuk eman ondoren, Parisera. Denbora tarte horietan funk, hip hop edota freestyle estilotan trebatu zen. Parisen dantza konpainia batean aritu zen.

Hala ere, bere ama langabezian geratu zenean, Laudiora itzuli zen laguntzeko, eta hemen lanean egon da Laudio Wellness, Kazen gimnasioan edota D´Zanp! proiektuan. Koreografia taldeak prestatu ditu lehiaketetan parte hartzeko eta zumba klaseak eman ditu, besteak beste. Horrez gain, berak ere lehiaketetan parte hartu du eta hainbat sari irabazi.

Estatu Batuetarako bekak Beyoncéren dantzari baten eskutik
Saydik bi beka eskuratu ditu azken hilabeteetan. Alde batetik, "Yes we dance" beka eman zioten Sevillan. Horri esker, Los Angeles, Californian, ikasteko aukera izango du.

Hori gutxi balitz, Bilbon klaseak jaso zituen Shirlne dantzariarekin. Profesional horrek Beyoncéren koreografiak sortu ditu, besteak beste, eta Saydi hautatu zuen Manhattango akademia batean ikasteko. Bere asmoa da irailean joatea Estatu Batuetara eta han lan egitea. Edonola ere, Europan jarraitu nahi du bere ibilbidea.

Arrakastaren ondorioz, izututa
Saydiren amak, June Aldamak, adierazi du harrituta daudela izandako oihartzunarekin eta apur bat ikaratuta: "sare sozialetan eragin handia dauka Saydik".

Berari ere maiz galdetzen diote kalean bere alaba ote den Fama, a bailar telebista saioko parte-hartzailea. Momentuz, espero dute reality show-aren amaierara heltzea, esperientziari mami osoa ateratzeko. Saioak 3 hilabete iraungo du eta, bitartean, ezin izango dute harreman zuzenik izan berarekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide