Isabel Boveda: "Herrialde txiroak laguntzera 53.000€ bideratu ditu udalak"

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko mar. 19a, 09:00

Isa Boveda EH Bilduko zinegotziak eman du balantzearen berri. / Aiaraldea.eus

Aurreikusitako diru-partidaren %79 baliatu du proiektu ezberdinetan gobernu taldeak. Lagundutako egitasmoen berri eman du EH Bilduk.

1900etik ditu abian Laudioko Udalak garapenerako proiektuak. “Justizia sozialean inplikatzeko konpromiso instituzionalaren ondorio da, herrialde pobreekin gizatasun eta elkartasunez kolaboratzeko”, zehaztu du Isabel Boveda EH Bilduko zinegotziak.

Inbertitutako zenbatekoa
2017an 71.000€ aurreikusi zituzten diru-partidetan, era horretako egitasmoei heltzeko. Iaz, 2016an, 66.000€ inguru izan ziren. Alabaina, 53.030€ bideratu dira, aurreikusitako kalkuluaren %79. Arrazoi nagusia Nikaraguako Somotoko herriarekin zuten hitzarmena bertan behera uztea izan da: “Urtero 11.000€ ematen genituen, baina 2013tik hona ez dituzte laguntzak justifikatu; eta horregatik 2017an ezin izan da diruz lagundu”. Hortaz, ahaidetutako herrietarako gordeta zeuden 22.000 eurotik 11.000 erabili dira bakarrik. “Emergentzietarako 3.000€ zeuden, eta ez direnez behar izan, ez da gasturik egon”.

Herritar bakoitzeko bideratutako diru kopuruarekin erkatuta, pertsonako 2.90€ baliatu direla aipatu du Bovedak, “iaz baino 0.55€ gutxiago”. Herrialde txiroekin elkarlanerako diru jaitsieraren atzean, baina, bada bestelako arrazoi bat: 9 proiektu aurkeztu ziren orotara, eta hiruk soilik egin dute aurrera, “besteek ez zituzten oinarrietako baldintzak betetzen eta”.

Finantzatutako proiektuak
Bovedaren arabera, askotan gertatzen da erakundeek udal guztietara proiektu bera aurkeztea, eta ondorioz, betekizunak ez bermatzea. “30.000 euro genituen aurreikusita eta 21.000€ erabili dira”. Nagusiki, hezkuntza, nekazaritza eta azpiegitura lanetako proiektuak izan dira.

Kongon, esaterako, 5.847 eurorekin sustatu da landa eremuan genero prebentzioa lantzea. Indian, berriz, hezkuntza bultzatzeko Vicente Ferrer fundazioari 7.182€ eman dizkiote. Azkenik, Colombia-Euskadi erakundeari 6.992€ eskaini dizkiote.

Senidetutako herriak
Senidetutako herriei dagokienean, Nikaraguako Somoto herriarekin duten akordioa aipatu du Bovedak, duela 20 urtetik indarrean dagoena. Kooperazio programen baitan 11.000 euroko laguntza jartzen du erakundeen eskura udalak. Aurrez aipatu gisa, ordea, bertan behera utzi dute sostengu ekonomikoa; erakundeak ez baitu beharrezko dokumentazio aurkeztu.

Bestalde, Saharako Bukra departamenduarekin martxan dute errefuxiatuen sahararren kanpamenduetan azpiegitura publikoak hobetzeko akordioa. “Gasolindegi bat jarriko da, eta tailer bat atontzea ere dute helburu”. Euskal Fondoarekin egin dute ekimen hori. Horrez gain, bestelako proiektuak ere babestu dituzte. Horien artean daude Guatemalako San Agustin lurraldean ur edangarria izateko bigarren fasearen garapena.

Umeen harrera
Ildo beretik, hamazortzigarren urtez garatu dute Bikarte elkartearekin lurralde txiroetako haurrek harrera-familia edukitzeko programa. Hala, udan Errusia eta Bielorrusiako 5 haur umezurtz izan dira Laudion: “5.000 euro inguruko laguntza jaso du Bikartek horretarako”.

Era berean, Nazioarteko Pobreziaren egunean Gobernuz Kanpoko Erakundeen azoka antolatu zuten duela zenbait hilabete. “9 tailer parte hartzaile egon ziren”, gogoratu du. Etorriberrien inplikazioa nabarmendu du Bovedak, baita eskoletako taldeena ere: “Positiboki baloratzen da ekimena, ikastetxeetako ikasle ugarik hartu baitzuten parte”.

Diru partidan aurreikusitako kopurua ez xahutzearen harira, Bovedak erantsi du lastima dela laguntza guztiak emateko aukerarik ez izana: “Espero dugu berriro ez gertatzea, herrialde pobreetan badago beharra eta pena da ezin laguntzea”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide