Urteko bere lehen elikagai bilketari ekin dio Laudioko Nomeolvides elkarteak. Atzo hasi ziren eta gaur ere horretan egongo dira, bi tokitan: Berriak supermerkatuetan eta Zumalakarregiko Eroski Centerren, 14:30ak arte. “Okasio honetan ez gara Eroski Cityn arituko, baina espero dugu etorkizunean saltoki horrekin elkarlana garatzen jarraitu ahal izatea”, azaldu dute.
Elkarteko kideek azaldu dute herritar ugari arituko dira lanean boluntario gisa, eta ekimenean parte hartzeko aukera irekia dagoela azpimarratu dute. Horretarako elkartearekin harremanetan jarri behar da.
Biltegia erdi-hutsik
Elkarteko kideek ohartarazi dute euren biltegia erdi hutsik dutela. Gauzak hala, berriz betetzea izango dute helburu. Mota askotako dohaintzak behar dituzte horretarako: oinarrizko elikagaiak edota garbiketarako produktuak. “Banatzen ditugun lotetan beti sartzen ditugu garbiketarako tresnak, elkarteko erabiltzaileen bizi kalitatea hobetze aldera”, azaldu dute ekimenaren antolatzaileek, “oinarrizko beharrizanak egun batzutarako asetzea da asmoa”. Laudioko herritarrek artean banatuko dituzte bildutako produktuak.
Bilketa gaur eguerdian amaituko duten arren, uneoro dago aukera elkartea diruz laguntzeko, Caja Rural de Navarra-ko kontu-korronte honen bidez: ES91 3008 0200 4533 5397 7717.
Elkarteko presidentea den Patxi Sanchezek nabarmendu du herrian jende asko dagoela “egoera prekarioan” bizitzen. “Iaz 262 familia lagundu genituen, 876 lagun inguru”.