Bihar -martxoak 23- egingo da Dolumin Barikuaren edizio berria. Prest dago dagoeneko herria. Laudioalde ikastetxeko aparkalekua hustu dute, abereen postuetarako beharrezko azpiegiturak jartzeko. Tokiko ekoizleen gunea, aldiz, Aldai eta Herriko plazetan egongo da.
Goizeko lehen ordutik sumatuko da jai-giroa herriko kaleetan barrena. Hainbat ikastetxeetan egun librea emango diete ikasleei, azokaz gozatu dezaten. Arloteak arduratuko dira egunari soinu-banda jartzeaz, kalejira egingo baitute 12:30etatik aurrera. San Roke bolatokian, aldiz, 10:30ean ekingo diote Dolumin Barikuko txapelketa jokatzeari.
San Luzia abesbatzak, bere aldetik, kontzertu berezia eskainiko du San Pedro parrokian, 19:30ean.
Patxaran festa Gaztetxean
Jaia iluntzerarte luzatzeko aukera eskainiko du Laudiok, Patxaran Festa egingo baita Gaztetxean. 20:30ean bertso-saioa hasiko da, Izar Mendiguren, Unai Mendiburu eta Aroa Arrizubieta bertsolariekin. Bi ordu beranduago hasiko dira kontzertuak, Skabidean eta Ingo al deu? taldeen eskutik.
Sorgin Tabernan, aldiz, Akebeltz erromeriak joko du, 23:30etatik aurrera:
Iazkoa Dolumin Barikua oso arrakastatsua izan zen, egun berean igaro baitzen Korrika Laudiotik:
128 urteko ibilbidea
Tradizio handiko ospakizuna da Dolumin Barikuko azoka. Duela 128 urte egin zen lehen aldiz, eta orduz geroztik makina bat aldaketa izan ditu. Juan Carlos Navarro historiazalearen arabera, 1890eko maiatzaren 7an antolatu zen aurreneko aldiz, Francisco Urizar alkatea eta Urkixo markesa lekuko zirela.
Toki aldaketa asko bizi izan ditu azokak. 1950tik 1953ra antzinako Urkixo markesaren kalean egin zen. 1954an, berriz, Maestro Elorzara mugitu zen ekimena eta hurrengo urtetik aurrera Jose Matia kalera.
Antolatzaileak ere aldatu egin dira. 1957. urtean udalak hartu zuen antolakuntza bere gain. 1968an, aldiz, Larrea koadrilaren eskuetara pasa zen, eta urte batzuk beranduago udalaren gain geratu zen berriz. 1992. urtean, aldiz, Aberedunak elkarteak hartu zuen ardura, eta orduz geroztik talde horri esker mantendu da Dolumin Barikuko festa eta tradizioa.