Energiako Ekintza Plana aurkeztu du udalak, Laudion egin den lehena. Datozen sei urteetan zer jarduera egin zehazten du dokumentuak, “energiaren kontsumoa eta berotegi eragina duten gasen isuria murriztea” helburu.
14 udal eraikinetan hobekuntzak
Tokiko erakundeak jakinarazi du plana “udal bulegoetan eta kaleko argiztapenean” zentratuko dela. Horretarako 14 eraikin publikoetan egingo dituzte obrak, energia kontsumoa %25 murrizteko: udaletxean, Arza biltegian, Aretako frontoian, udal hiltegian, Nerbioiko udal bulego zaharretan, Ellakuriko kiroldegian, udaletxe zaharrean, Gardeako kultura etxean, HHI ikastetxean, Areta Herri Ikastetxean, Lamuza Herri Ikastetxean, Gardeako kirolgunean, Granja kiroldegian eta Latiorro Herri Ikastetxean.
1.476 luminaria berri
Kaleko argiztapenari dagokionez, 1.476 luminaria berritzea aurreikusten du planak. Modu horretan aginte-koadroen kontsumoa %54 murriztu eta argiteria publikoaren energia kontsumoa %33 txikitzea da udalaren asmoa.
Tokiko erakundeak gogorarazi du duela bi urte egin zuela bat Energiaren Euskal Erakundeak sustatutako “Alkateen itunerantz” ekimenarekin eta energia kontsumo eraginkorragoa izateko konpromisoa hartu zuela. Hori dela eta egin dute ekintza plana.
Gaur arratsaldeko Udal Osoko Bilkuran bozkatuko da bide-orri proposamena.
Podemos-Ahal Duguren mozioa
Energiaren aurrezpena izango du hizpide baita ere Laudioko Podemos-Ahal Duguren lehen mozioak. Alderdiak azaldu du gaur arratsaldeko udalbatzan aurkeztuko dutela. “Denboraldia eman dugu Ahal Dugu Laudioko kideok gure barne antolakuntza aurrera eramaten, eta bide honetan gure alderdiko kideekin batera esperientzia politikoa hartzen joan gara”.
Alderdiko kideek azaldu dute euren asmoa “energia efizientziari” buruzko eztabaida “mahai gainean” jartzea dela, “gai garrantzitsu eta goria” dela argudiatuta.