Asteburuan jokatu da Espainiako Orbe dantza txapelketa, Burgosen. Bertan egon dira Nuria&Raquel dantza akademiako kideak eta emaitza paregabeak erdietsi dituzte.
100 dantzari bertaratu ziren Burgosera, bi kategoriatan lehiatzera: ballet klasikoan eta jazzean -dantza modernoa-.
Ballet klasikoan aritu ziren dantzariak hainbat aldiz igo ziren podiumera. Mexicanas taldeak brontzezko domina lortu zuen. Rusitas, Cow girls, Dalí eta Cines Rotos taldeek zilarrezkoak eskuratu zituzten eta urrezkoa, aldiz, Daasanach taldeak.
Aiara Bilbao eta Urtzi Gancedo, dantzari errebelazio onenak
Arañas taldeak, bere aldetik, bigarren postua eskuratu zuen Orbe sarietan. Urrezko dominaren gainetik daude sari horiek.
Aiara Bilbaok, aldiz, lehen postua lortu zuen kategoria horretan. Italian ikastaro bat egiteko beka jaso zuen, eta dantzari errebelazio onena izendatu zuten baita ere. Urtzi Gancedok ere jaso zuen aitortza hori.
“Oso-oso pozik gaude lortutako emaitzekin, sari asko lortu ditugu”, azaldu du Raquel Lopez Alvarezek. Dantza akademiako irakasleak nabarmendu du aurtengoa izan dela jazz modalitatean aurkeztu diren lehen aldia eta sari bereziak lortu dituztela: “Azafatas taldeak hirugarren postua lortu du Orbe sarietan, Vagabundas taldeak bigarrena eta Businessmen taldeak, aldiz, lehen saria eta talde errebelazioaren aitortza".
Urte asko daramate Nuria&Raquel akademiako dantzariek mota horretako txapelketan parte hartzen eta garaipenak erdiesten. Duela bi urte bideo-erreportaje hau osatu genuen eurekin:
Ekainaren 17an izango dute ikasturteko zitarik garrantzitsuena, Euskalduna Jauregian arituko baitira.
Argazkiak: Nuria&Raquel dantza akademia