“Abiadura da irristaketan aritzetik gehien gustatzen zaidana”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko mar. 28a, 07:30
Amurrion bizi da Leire Etxaburu Iturriaga. / Aiaraldea.eus

LEIRE ETXABURU ITURRIAGA (Durango, 1983) Amurrion bizi da eta bigarren postua lortu du Etxebarriko Herri Krosean eginiko patin-lasterketan. Laudioko Aldaiko Irristaketa Taldearekin aritzen da eta Gasteizko maratoian lortutako marka hobetzea du helburu. 

Bigarren postua lortu duzu Etxebarriko Herri Krosean. Zer moduz?

Oso ondo. Ez neukan joateko asmorik, duela bost hilabete ama izan nintzelako berriz eta ez dudalako entrenatzeko denborarik izan. Entrenamendu gisa hartzea pentsatu genuen, ahal genuena egiteko, eta ondo atera zen.

Talde osoa joan zineten?

Ez, aurten bi kide bakarrik joan gara, oro har talde osoa joaten garen arren.

Noiztik zabiltza irristaketan?

Txikitatik. Lau urterekin hasi nintzen ikastolako lagunekin eta orduz geroztik ez diot irristatzeari utzi.

Eta lehiatzen?

Beranduago. Mutil-lagunak animatu ninduen, Amurriora bizitzera etorri nintzenean. Gaubela taldearekin irteten hasi nintzen, Gasteizen.

Orduan ezagutu nuen abiadura irristaketa, eta asko gustatu zitzaidan. Ama izan nintzenean Amurriotik gertuago zegoen taldea bilatzeari ekin nion eta Laudioko Aldaiko Irristaketa Taldearekin jarri nintzen harremanetan. Hiru urte daramatzat bertan, eta oso pozik.

 

“Hiru urte daramatzat Laudioko Aldaiko Irristaketa Taldean, eta oso pozik”

 

Zertan datza taldearen jarduna?

Teknika lantzen dugu, gehienbat. Komeni da aurretik patinetan ibiltzen jakitea. Abiadura irristaketan aritzen gara, batez ere. Astelehenetan teknika lantzen dugu kiroldegian. Batzuetan Ainhoa Galdeanorekin praktikatzen dugu. Munduko txapelduna izan zen bera patinaje artistikoan.

Beste batzuetan Federazioko kideak etortzen dira klaseak ematera, eta hilean behin Ander Garitano gerturatzen da. Hanka Labankako kidea da bera, bergararra. Asko entrenatzen dugu astean zehar. Asteazkenetan Laudiotik ateratzen gara, “pintxopote-ibilbidea” egiteko.

Baina, zoritxarrez, Laudiok ez ditu irristaketan egiteko moduko kilometro asko. Ahal duguna egiten dugu. 15 kilometro inguru egiten ditugu, baina gogoko genuke entrenatzeko leku bat izatea.

Amurriotik Laudiora dagoen bidegorria ezin da patinekin egin. Gustatuko litzaiguke bide hori moldatzea, bertan entrenatzeko aukera izateko. Oso urrunera joan behar izaten gara bestela. Asteburuetan Sodupeko bidegorrira, Gasteizera edo Barakaldora gerturatzen gara. Asko mugitu behar izaten gara entrenamendu ona egiteko.

 

“Gustatuko litzaiguke entrenatzeko leku bat izatea”

 

Zer nolako maila dago eskualdean?

Nesken artean maila oso altua sumatzen da. Etxebarriko lasterketara, adibidez, duela hiru urte joan nintzen lehenbiziko aldiz eta aurten neska oso on batzuk falta izan dira. Eurak gerturatzen ez direnean lortzen dugu guk podiumera iristea, bestela euren atzetik aritzen naiz. Geroz eta maila handiagoa dago.

Eskualdean ere?

Emakume asko daude Laudioko taldean, eta gazteak oso indartsu datoz. Basauriko Bad Roller taldean ere neska asko daude eta maila oso altua dute.

Abiadura lasterketan aritzen zarete. Zerk egiten du berezi norgehiagoka mota hori?

Patinak bereziak dira, ruber motakoak. Fitnesseko patinak -ohikoak- baino gurpil handiagoak dituzte. Guk 100-110 tamainako ruberrak baliatzen ditugu.

Patinak baxuagoak dira, bereziak, lasterketetan abiadura handiak mantentzeko prestatuak. Lasterketak 10-15, 20 edo 40 kilometrokoak izan ohi dira.

Zenbateko abiaduran ibiltzera iritsi zaitezkete?

Bataz beste 30 kilometroko abiadura lortzea da helburua, oso zaila den arren. Ni 24-25 kilometro orduko abiaduran ibiltzen naiz normalean. Umeak izan baino lehen, orduko 27 kilometro egitera iristen nintzen. Kasuaren arabera 60 kilometro orduko abiadura hartu dezakezu, edo gehiago.

 

"Kasuaren arabera 60 kilometro orduko abiadura hartu dezakezu, edo gehiago”

 

Geroz eta azkarrago, orduan eta kolpe latzak jasotzeko arrisku gehiago...

Horregatik da garrantzitsua teknika lantzea. Geroz eta patin handiagoak eraman orduan eta arrisku handiagoa duzu erorketa bat izateko. Aldaikon urteak daramatzagu hori lantzen: jendea etortzen da gugana teknikaren nondik norakoak irakastera.

Zer helburu dituzue aurtengo denboraldiari begira?

Etxebarrikoa denboraldiko lehen lasterketa izan da, berotzen hasteko.

Ondo hasi zara, beraz.

Bai, espero ez nuen arren. Gorputzak ondo erantzun dit, duela gutxi ama izan naizela kontuan hartuta. Gure helburua talde gisa da geroz eta pertsona gehiago animatzea egiten ditugun ibilbideetan parte hartzera.

Jende asko ez da animatzen, uste duelako ez dela gai izango gure erritmoa jarraitzeko. Maila guztietako kideak nahi ditugu, moldatu egingo gara. Astiro joan behar badugu geldoago joango gara.

Jendea ez da animatzen ezta lasterketetan aritzera, uste dutelako ez direla amaitzeko gai izango. Baina geroz eta pertsona gehiago goaz probetara talde gisa. Jendeak lasterketa pozik amaitzen duenean animatzen da gehiago entrenatzera eta patin hobeagoak erostera. Maratoia amaitzea izan ohi da helburu gorena.

 

“Maila guztietako kideak nahi ditugu, moldatu egingo gara. Astiro joan behar badugu geldoago joango gara”

 

Nik askotan esaten diet taldekideei garrantzitsuena hasi eta bukatzea dela. Berdin da azken postuan amaitzea. Badaude taldean pare bat pertsona modu horretan hasi zirenak eta orain maratoia egiteko prestatzen ari direnak. Guretzat garrantzitsuena Gasteizko maratoia da. Hori da gehien gustatzen zaiguna.

Aurretik beste lasterketa batzuk daude, prestaketa gisa balio dutenak. P2Pa amaitzea ere oso garrantzitsua da guretzat. Iruñean egiten den maratoia da, soilik patinena. Gogorrena da, bi portu igo eta jaitsi behar direlako. Munduko patinatzailerik onenak etortzen dira.

Guk iaz egin genuen eta aurreikusitako denboran amaitzea lortu genuen, oso latza izan zitzaigun arren. Normalean herri krosetan aritzen gara, korrikalariak baino lehen aterata.

 

“Maratoi bat amaitzea izan ohi da helburu gorena”

 

Zer eskaintzen dizu patinatzeak korrika egiteak ematen ez dizuna?

Oso ezberdina da korrikan edo patinetan aritzea. Askoz zailagoa da maratoi bat korrika amaitzea. Patinekin aerobikoki askoz gehiago lantzen dituzu gorputzeko muskulu guztiak, eta belaunek gutxiago sufritzen dute. Abiadura da gustatzen zaidana eta korrika eginez ezinezkoa da abiadura sentsazio hori lortzea.

Txikitan asko patinatzen nuen kaletik, saltoak praktikatzen eta abar. Baina konturatu naiz taldean joatea dela gehien gustatzen zaidana. Etengabeko ikasketa prozesua da patinatzea, beti duzu besteengandik zeozer berria ikasteko abagunea.

 

“Abiadura da gustatzen zaidana eta korrika eginez ezinezkoa da abiadura sentsazio hori lortzea”

 

Orain dela hiru urte minbizia detektatu zidaten, haurdun nengoenean. Igaro nituen igaro beharrekoak, oso zaila izan zen arren.

Urtebetez egon nintzen patinatu gabe. Baina sendatu nintzenean Laudioko taldearekin elkartu nintzen, eta bertako neska-mutilek asko lagundu ninduten. Ekintza asko egiten dituzte urtean.

Otsailean “Inauterien ibilbidea” egiten dugu mozorrotuta eta “Argien bidea”, aldiz, abenduan. Urtarrilean Patin Eguna antolatzen dugu, hainbat estilotan aritzen diren patinatzaileen erakustaldiekin. Jende pila elkartzen da, giro ezin-hobean.

Asko mugitzen gara, asteburu guztietan dago zerbait. Maila guztietako kideak aritzen gara elkarrekin, abiadura moldatu egiten dugu dagoen jendearen arabera.

Aurten Errioxan arituko gara erdi-maratoiak egiten. Getxon, Bergaran eta Oñatin podiuma egin nuen, eta Etxebarrikoa izan zen minbiziaren aurkako tratamendua erabat utzi osteko lehen lasterketa.

 

“Orain dela hiru urte minbizia detektatu zidaten eta urtebete egon nintzen patinatu gabe. Laudioko taldeko kideek asko lagundu ninduten”

 

Zeintzuk dira aurtengo erronkak?

Gasteizko maratoia bukatzea. Ordubete eta 30 minututan egin nahiko nuke, duela laupabost urte ordubete eta 33 minututan egin nuelako. Marka hori gainditu nahi dut.

Ez dut erronka oso gogorrik ezarri, urtebete beharko dudalako behintzat gorputza behar bezala osatzeko. Bihotzak uzten didana egingo dut. Berlin eta Pariseko maratoietara joatea ere dut helburu. Taldeko kideak iaz joan ziren, baina ni joateko nago oraindik.

Eskerrak eman nahiko nieke Aldaikoko kide guztiei. Oso giro ona dago taldean eta jende berriari irekita dago. Interesdunek aldaikolaudio@gmail.com helbidera mezua bidali dezakete. Nire mutil-lagunari ere eskerrak eman nahiko nioke, berak animatu bainituen patinatzera. Lasterketa bat elkarrekin amaitzea da gu bion arteko erronka.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide