Zertan datza zuen ekimena?
Kooperatiba sortu dugu: HesiHes. Laudio Ikastolako Batxilergoko 1. mailako ikasle guztien artean abiatu genuen. Batez ere, Edurne eta Jone, euskara eta ekonomia irakasleen laguntzari esker. Eurak izan dira gidariak, beste zenbait irakaslerekin batera.
Kooperatibaren helburua bikoitza da. Alde batetik, bestelako hezkuntza eredua posible dela erakustea. Konturatu gara ikastetxeko gainerako ikasleentzat erreferente bilakatzen ari garela.
Guretzat argi dago egungo gizartea ez doala ondo eta arazoetako bat da jasotzen dugun hezkuntza oinarrituta dagoela norbanakoetan eta lehiakortasuna sustatzen duela; kideak aurkari gisa ikustea, alegia. Baina gu ez gara etsaiak eta horrekin apurtu nahi dugu. Sustatu nahi dugu laguntza eta elkarlana.
Guztion artean batzen bagara helburu bat betetzeko, erronka askoz onuragarria izango da guztiontzat. Enpatia falta ikaragarria dago eta gizartean bizi garen heinean, ingurukoak aintzat hartu behar ditugu.
"Guretzat argi dago egungo gizartea ez doala ondo eta arazoetako bat da jasotzen dugun hezkuntza oinarrituta dagoela norbanakoetan eta lehiakortasuna sustatzen duela"
Proiektuan landu ditugun edukien bidez konturatzen ari gara erabilera praktikoa dutela; gutunak idazten, sare sozialetan mezuak zabaltzen, kooperatiba sortzen, estatutuak sortzen, elkarteekin harremanetan jartzen, ingelesa erabiltzen errefuxiatuekin hitz egin ahal izateko... Greziara joaten bagara ingelesa funtsezkoa izango da eta hizkuntza horretan ariketak egiten ari gara praktikatzeko.
Balio horiek guztiak ez dira liburu batean ikasten. Balioak eta gure gogoak batuz gero, gogotsuago lan egiten dugu eta gehiago ikastea lortzen dugu.
Suposatzen dugu hori topatuko dugula etorkizunean unibertsitatean edo modulu bat egitean, gero eta gehiago bultzatzen baitira proiektuak, hainbeste azterketa egin ordez.
Kooperatibaren beste helburu bat zen kolektibo bat laguntzea. Gure kasuan, erabaki genuen errefuxiatuak izatea. Sumatzen ari gara errefuxiatuak bilakatzen ari direla munduko ekonomiaren bigarren potentzia eta hori gure errua da. Lehen munduan ateratzen ari gara etekinak horri esker: prostituzioa, organoen salmenta...
Gainera, dirua gure zergetatik hartzen dute errefuxiatuak hiltzeko. Horren kontzientzia hartu dugu eta uste dugu ezin dela horrela izan.
"Dirua gure zergetatik hartzen dute errefuxiatuak hiltzeko. Horren kontzientzia hartu dugu eta uste dugu ezin dela horrela izan"
Zein izan da ikastetxearen parte hartzea?
Hasieratik lagundu gaituzte. Esaterako, gure kooperatibaren estatutuak Laudio Ikastolakoetan oinarrituta daude. Proiektuaren izaera gurea da eta baita irakasleena ere. 16 urteko ikasleok bakarrik ezin dugu hau egin.
Azkenengo helburua da Greziara joatea, baina ez dakigu lortuko dugun. Zaporeak elkarteko kideekin jarri ginen harremanetan eta eurek ere pilo lagundu gaituzte.
Edonola ere, proiektuaren muina da bide honetan ikastea eta ahalik eta gehien laguntzea. 16 urte izan arren, gizartean eragitea.
Zenbat ikasle zarete eta nola egin duzue lan?
59 ikasle gara eta taldetan banatu gara beharren arabera. Adibidez, dirua eskuratzeko bat, kontzientziazioa sustatzeko beste bat -kartelak edo muralak egiteko-... beharren arabera.
Horretaz gain, ikasle bakoitzaren gaitasunei erreparatu diegu ardurak banatzerako orduan.
Zertan islatu duzue taldekako lana?
Euskarako klaseetan sortu genituen talde handiak eta txikiak. Handietan norberak kokatzen zuen bere burua bere gaitasun eta gogoen arabera.
Talde txikietan klaseko ikasgaiak eta errefuxiatuen gaia uztartu ditugu. Adibidez, olerkiak egiten ditugu jendea kontzientziatzeko.
Gurasoen ardura zen agian ez dugula ikasten beharrezko materia, baina irakasleak ziurtatu digu iazko eduki berak jorratu ditugula, baina proiektuari lotuta.
Talde handian bi bideo ekoiztu ditugu eta sare sozialean profila sortu dugu, instagramen alegia; @hesieskoop.
Hitzaldiak eta tailerrak ere antolatu ditugu, errefuxiatuei buruz gutxi genekien eta. Gainera, legea jarraiki kooperatiba egin dugu, horretarako Ikastolarekin bildu behar izan gara, ikasleekin, Laudioko Udalarekin...
Tresnak eman dizkigute, baina guk erabaki dugu dena; nor lagundu, nola egin... Oso zaila da 59 ikasleko taldea bideratzea. Gatazkak egon dira, baina oso ondo ari gara lanean.
Argi eta garbi, guztiok ez dugu konpromiso bera, eta, hala ere, moldatzen ari gara. Guztiok egiten dugu lan, maila berean ez bada ere.
Zeintzuk dira zuen ekintzak?
Ikastolan maiatzaren 19an Ikastolaren Egunean txosna jarriko dugu, baita erakusmahairen bat gauzak saltzeko. Asmoa da dirua lortzea gure bidaiarako. Egia da bidaia ez dela helburua, baina gogoko genuke joatea Greziara, laguntzeko eta bertan zer gertatzen den ikusteko.
Kamisetak, txiskeroak, jertseak, motxilak.. egiten ari gara eta salduko ditugu, gure logoarekin.
Pentsatzen ari gara janari bilketa abiatzea. Izan ere, Greziara joango bagina, Zaporeak elkartearekin egingo genuke. Horretarako, aintzat hartu beharko dugu euren kultura eta gastronomia, zer duten gogoko.
"Argi dago 59 ikasleok ezingo dugula joan Greziara, baina batzen dugun dirua errefuxiatuentzat izango da, Zaporeak elkartearen bitartez"
Arropa bilketa gauzatzea ere nahiko genuke, ez bakarrik gure eskuen laguntza emateko.
Argi dago 59 ikasleok ezingo dugula joan Greziara, baina batzen dugun dirua errefuxiatuentzat izango da, Zaporeak elkartearen bitartez. Hori ez ezik, Laudiora ekarri nahi dugu proiektua, jai bat antolatu Laudion eta Amurrion. Ospakizun horretan umeentzako, gazteentzako eta helduentzako ekintzak egongo dira. Amurrioko Gaztetxean apirilaren 20an izango da ospakizuna.
Haurrei ezin diegu azaldu gauzak diren moduan, oso gogorrak baitira. Hortaz, jokoak eta bideoak moldatuko ditugu.
Greziara joatekotan, nola egingo duzue? Oraindik adin gutxikoak zarete eta.
Irakasleak etorri beharko dira. Gure ustez Edurne eta Jone etorri beharko litzateke, euren lanagatik izango ez balitz, proiektuak ez luke aurrera egingo. Merezi dute.
Errefuxiatuen aldetik, zer da zuentzat larriena?
Harremanetan jarri ginen eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kide bat etorri zen. Kontatu zizkigun euren esperientziak. Nola ikusi zuten Europako mugetan, Kroazian, adibidez, gazte ugari bizi zela basoetan, ezkutatuta; mugan ikusiz gero erailtzeko aukera zegoen eta etxera itzuliz gero, baita ere.
Izan ere, euren jatorrizko herrietan mafiak daude eta umeak lapurtzen dituzte organoen salmentarako, prostituziorako, esklabo izateko edo gerrarako. Gazteek alde egin behar dute euren herrialdeetatik, mafiak atzean uzteko. Horitako oso gutxik lortzen dute Europara heltzea, baina azkenean herrialdeen arteko mugetan geratzen dira harrapaturik eta hotzak edo goseak hiltzen ditu.
Hala ere, gogorrena da gure zergekin gobernuak dirua bidaltzen diela mafiei eta yihadistei errefuxiatuen aurka egiteko.
Hori ez ezik, Bilboko portutik ateratzen dira armak gerretan erabiltzeko. Hemen soilik horren aurka altxatuko bagina, gauzak hobera egingo lukete izugarri.
Ceutan eta Melillan ere, telebistan bakarrik erakusten digute gizonezkoek hesia gainditzen dutela edota paterak hartzen dituztela, baina mugan milaka emakume daude Europan sartzeko zain eta zain dutena prostituzioa da. Eta nortzuk ordainduko dituzte emakume horien zerbitzuak? Guk. Hori ez da yihadisten kontua, ez kanpoko herrialdeen arazoa, gurea da.