"Euskadiko irristaketa artistikoko txapelketa irabaztea da nire helburua"

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko api. 3a, 07:08

Maila guztietako tituluak lortu ditu Zuriñe Solagurenek.

ZURIÑE SOLAGUREN (Laudio, 2003) irristaketa artistikoan aritzen da. Bera da Lautxirrinka kirol klubean maila guztietako tituluak eskuratu dituen lehenbiziko kirolaria. 

Noiz hasi zinen irristaketan?
Duela hiru urte, Aste Santuaren ostean izan zen. Txikitatik beti gustatu izan zait dantzatzea eta patinatzea. Horregatik aukeratu nuen kirol hau. Ugaora joatea gogoko nuen, jendea patinatzen ikustera, baina amak argi utzi zidan ez ninduela bertara eramango. Horrela sortu genuen Lautxirrinka. Entrenamendu bat ikusi eta animatu nintzen.

Lautxirrinka da zure kluba. Arabako bakarra, gainera.
Ugao zen gure erreferentzia bakarra. Hori dela eta, Laudion taldea sortzea erabaki genuen, 2015ean.

Zer lantzen duzue irristaketan, batez ere?

Piruetak eta jauziak entrenatzen ditugu, batez ere. Batetik, teknika kontrolatzeko: saltoetako desplazamendua, birak, amaitzeko modua... eta, bestetik, birak ematean posizioari eusteko.

 

"Ugao zen gure erreferentzia bakarra. Hori dela eta, Laudion taldea sortzea erabaki genuen, 2015ean"

 

Banaka ala taldeka, nola aritzen zarete?
Ni banaka lehiatzen naiz, baina bada taldeko modalitatea ere: laukoteka... Showen araberakoa da taldearen osaera. Laudioko gehienak banaka aritzen gara. Dena den, erakustaldiak taldeka egiten ditugu.

Zenbat pertsona zaudete klubean?
42, uste dut. Nagusienek 17 urte dituzte, eta txikienek 4-5. Laudio Institutuan ostiraletan eta larunbatetan entrenatzen dugu, eta ostegunetan Gardeako frontoian. Nire kasuan, 3 entrenamendu egiten ditut astero, ordu eta erdikoak. Lehiaketetarako dantzak prestatzen ditugu horrela.

Txapelketetan ibilbide labur baina oparoa egin duzu gaur arte.
Nire lehen txapelketa Noainekoa izan zen, Nafarroan. Maila azterketa izan zen, 2016ko martxoaren 3an. Geroztik hainbat tokitan egon naiz: Getxon, Valladoliden, Kantabrian... Guadalajarara ere gonbidatu gintuzten, baina ez ginen joan.

 

Nolakoak dira txapelketak?
Mailaren araberakoak. Federatu aurretik "maila azterketak" daude, tituluak lortzeko probak. Eskola Kiroletakoek maila lortu behar dute lehenbizi: D, C, B, A eta azkenik, ziurtagiria.

Behin diploma horiek eskuratuta, txapelketetarako bideak irekitzen dira. Badira A mailako txapelketak ere, baina jende asko pilatzen denez, kanpoko lehiaketetara maila altukoak soilik gonbidatzen dituzte; ikusgarriagoa delako.

Zer nolako maila dago Laudion?
Gehienak D mailakoak dira. C mailako hiru kide daude, 2 B-koak eta A-koa bat. Ni orain arte "Ziurtagiriduna" nintzen, baina orain federatua izatea lortu dut.

 

"Ugaon, Arrigorriagan eta Getxon badira taldeak. Gu gara Arabako bakarrak"

 

Eta inguruan?
Ugaon, Arrigorriagan eta Getxon badira taldeak. Gu gara Arabako bakarrak. Horregatik, askotan Bizkaian parte hartzen dugu.

Zein da zure denboraldi honetako helburua?
Euskadiko txapelketa irabaztea. Erakustaldiak gogoko ditut, baina lehiaketak nahiago, jendea ezagutu eta harremantzeko aukera eskaintzen dutelako. Maiatzean izango da hori. Denbora gutxi dut kanta prestatzeko.

Orain arte zein sari lortu dituzu?
Lau. Gurutzetako D mailako lehena, Valladoliden A mailako hirugarren postua, Sopelan A mailan txapelduna, eta Errioxan bigarren postua.

Irristaketa artistikoa duzu kirol. Zein ezaugarri ditu?
Izotz irristaketaren antzerakoa da, baina lurrarekin. Zaila da, ordea, izotz gainean abiadura handiagoa lortzen baituzu. Oreka eta egonkortasuna dira kirol honetan gakoak.

Lurra egurrezkoa izan ohi da, nahiz eta gehienok frontoietan entrenatzen dugun. Gardeakoa nahiko ondo dago, baina txapelketak egiteko ez dago tokirik; beraz, mailaz igotzeko azterketak Laudion bakarrik antolatzen ditugu.

 

"Oreka eta egonkortasuna dira kirol honetan gakoak"

 

Nahiko kirol garestia da, txapelketa edo erakustaldi bakoitzerako maillotek 100 euro inguru balio dutelako. Bi abesti baditugu, bi jantzi behar ditugu. Internet bidez erosten ditugu, edota diseinatzaileei eskatuta.

Patinek baldintzatzen al dute jarduna?
Bai, bizikletek bezala. Ez da berdina material bat edo beste hautatzea. Botak, baina, bakoitzak aukeratzen ditu, ez dira kategoriaka bereizten.

Gurpil gainean koreografiak egiten dituzue, ez du erraza ematen...
Taldean 42 lagun gaudela kontuan hartuta, are gehiago! Gure entrenatzailea oso ondo portatzen da, guri uzten digu erakustaldi eta txapelketarako kanta aukeratzen. Koreografiak ere guk prestatzen ditugu, berak esaten digu zein teknika non sartu.

Irristaketarako zein da zure tokirik gustukuena?
Arakaldo eta Okondoko frontoietan aritu izan gara, baina oso txikiak dira; ez dituzte pisten neurriak.

Desplazatu ahal izateko espazioa behar izaten dugu. Pista txikietan entrenatuz gero, eta lehiaketa eremu handiagoan bada, abestiaren segundo asko soberan geratzen zaizkigu.

Azpiegitura aldetik gabeziak daude, beraz?
Laudio Ikastolako frontoia erabiltzeko aukera aztertu genuen, baina zorua gorabeheratsua denez, ezingo dugu bertan ezer antolatu.

Laudioko kiroldegiko pista oraintsu aldatu dute, baina biguna da guretzat. Aretako frontoia primeran dago, baina pilotariak kexu dira lurra markatzen dugulako. Imajinatzen dut, denbora gehiago igaro eta jende gehiago batu ahala herrigunean tokia egokituko dutela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide