Urriaren 1etik aurrera arratsaldez ere egin ahalko dira udal-tramiteak, Herritarren Arretarako Zerbitzuaren -HAZ- ordutegia zabalduko baitu udalak. Zehazteke dituzte oraindik eskaintza berriaren nondik norakoak, baina tokiko erakundeko ordezkariek aurreratu dute astelehen eta ostegun arratsaldetan egongo dela zabalik, “ia ziur”.
“Funtsezko zerbitzua iruditzen zaigu”, azaldu du Jon Ander Altube zinegotziak, “tramite asko digitalki egin daitezke, baina oso garrantzitsua da ere aurrez-aurreko zerbitzua indartzea”.
Udal komunikazio tresnen erabilera
Udalak dituen informazio eta komunikazio tresnen inguruko datuak eskaini ditu Altubek. Izan ere, Txaro Sarasuak gaiari buruzko mozioa aurkeztu zuen martxoko udal osoko bilkuran.
Udalaren webguneari dagokionez -Laudio.eus-, balorazio “oso positiboa” egin du zinegotziak. Atari digitalak izan duen bilakaera nabarmendu du: “2017an 145.000 bisita izan zituen, 12.000 hileko. 2016an, aldiz, 88.000 izan zituen, 7.400 hileko”, azaldu du, urte batetik bestera %64ko igoera eman dela azpimarratuta. “Erreferentzia informatiboa bihurtu da herritar askorentzat”.
Twitter kontuari dagokionez, 2016. eta 2017. urteetan artean jarraitzaile kopuruak % 20 egin du gora. Egun 954 jarraitzaile ditu @LaudiokoUdala-k, eta 7.000 txio baino gehiago egin ditu. Facebook kontua ere du tokiko erakundeak.
Whatsapp zerbitzua ere izan du hizpide Altubek. “Informazioa astean bitan jasotzeko balio du”, azaldu du, “ez da oso zerbitzu ezaguna eta sustatu nahiko genuke”. Hemen eman daiteke izena zerbitzuan.
Auzokideen iradokizunak
“Hobetu zure herria” arreta zerbitzuari dagokionez, zinegotziak jakinarazi du 2017an auzokideen 353 mezu jaso zirela tresna horren bidez, 2016an baino %7,25 gehiago. “Horietatik 207 Obra eta zerbitzuen sailera bideratu ziren, alor horri buruzko kexa eta iradokizunak zirelako”. Eskaera guztiak 24 orduko epean erantzuten ahalegintzen dira, eta gero jarraipena egiten zaie dagokien alorrean, Altubek azaldu duenez.