Hainbat erronka gauzatu nahi dute aurten Laudioko udal-liburutegian. Hala jakinarazi du udalak. Umeentzako edukiak hobetzea izango da helburuetako bat. “Apustu handia egin behar dugu haurrengan, eurak direlako liburutegiaren gaur egungo zein etorkizuneko erabiltzaileak”, azaldu du Jon Ander Altube zinegotziak.
Helduentzako euskarazko liburuen bilduma handitu nahi dute baita ere. “Asko aurreratu behar dugu hizkuntza normalizazioan, orain dauden liburuen %28 baino ez baita euskaraz”. Era berean, beste hizkuntza batzuk ikasteko funts bibliografikoak ere handituko dituzte.
Atal berriak
Atal berriak jartzeko asmoa dute ere. Laudioko egileenak diren edota herriari buruz mintzatzen diren liburuek berezko apala izango dute urtea amaitzen denerako.
Horrez gain, “irakurketa errazeko” txoko bat atonduko dute, “arrazoi bategatik edo besteagatik irakurtzeko zailtasunak dituzten herritarrei zuzendua”. Bukatzeko, apal berriak jarri eta material guztiak berrantolatuko dituzte.
Geroz eta gehiago erabiltzen den zerbitzua
Liburutegia da, kiroldegiarekin batera, udal-zerbitzurik erabiliena, Altubek nabarmendu duenez. “4.925 bazkide ditu, Laudioko biztanleriaren %28”. Kopurua handituz doa gainera: Iaz 345 herritar batu ziren, eta erabiltzaile-kopurua %7,5 handitu dute. Emakumeak dira bazkideen gehiengoa, %56 alegia.
Iazko erabilera-datuak positiboki baloratu ditu udalak, 1625 pertsonek erabili baitzuten mailegu zerbitzua.
Irakurketa gune hutsetik harago
Altubek nabarmendu du liburutegia ez dela “irakurketa gune soila”. Horren adibide gisa jarri ditu bertan egiten diren ipuin-kontaketa edota hitzaldiak. “Iaz bisita gidatua egin zen Batxilergoko ikasleekin, nahiko interesgarria. Bi irakurketa-klub antolatu ziren baita ere”. 299 egunez egon zen liburutegia irekita. Horietako 32 egun azterketa garaian izan ziren, ikasketa-gela gisa baliatu baitzen liburutegia.
Zinegotziak gaineratu du liburu digitalak irakurtzeko zazpi gailu daudela liburutegian. “Maileguan hartu daitezke, eta nahiko harrera ona daukate. Lau ordenagailu eramangarri daude, adinez nagusiak direnek liburutegian bertan erabiltzeko. Iaz 229 pertsonek baliatu zituzten”.
Egun 26.000 dokumentu ditu liburutegiak. Altubek aitortu du etorkizunean espazio falta egon daitekeela, baina gakoa “liburutegi ereduan” dagoela gaineratu du: “Ditugun baliabideak optimizatzea izango da gure xedea”.